Mozorro Eguna dator jaien amaierako asteburu beroan

Anboto 2014ko urr. 17a, 12:45
Joan zen zapatuan jolasak egin zituzten Gazte Egunaren harira. Argazkia: Ainara Petite

San Fausto jaietako azken txanpan sartuko dira gaur durangarrak. Asteburu beroa dute aurretik, jai giroagatik eta eguraldiagatik. Bihar Mozorro Eguna izango dute, eta kolore berezia hartuko dute kaleek. 18:30ean mozorro desfilea egingo dute Madalenan hasita. Udazkeneko olinpiadak da txosnagunean proposatu duten gaia. Gainera, Elkartasun Eguna ere ospatuko dute eremu horretan.


Natxo Martínez zinegotziak esan du jende asko egon dela lehenengo asteburuan: “Eguraldia ona denean, jendea ekitaldietara animatzen da”. Balorazio positiboa egin du, eta ostalariak ere pozik ikusi ditu. Asteburu honetan gauzak bide beretik joatea espero du.

Jaietako gertaera txarren artean, astelehenean emakume batek salatu zuen sexu erasoa nabarmendu behar da. Udalak erasoa gaitzetsi, eta emakumea babestu du.

Barraketarako txartelak
Bestalde, EH Bilduk barraketarako txartelak banatu ditu Facebooken bitartez. Dioenez, udal taldeei sarrerak ematen dizkiete, eta eurek jasotako 190ak herritarren artean banatu dituzte. Hurrengo urtean alderdi guztiek gauza bera egiteko eskaera ofizial bat sartuko dute udalean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!