Boleibola suspertzeko, Sapuherri taldea berreskuratu dute hainbat neska gaztek

Anboto 2014ko urr. 16a, 10:25

Sarea ipini dute, eskumuturrak berotu dituzte, eta baloia astintzen hasi dira Sapuherri-Kurutziaga boleibol taldeko neskak. Astean hirutan elkartzen dira boleibolean jokatzeko. Kirol horrekiko zaletasuna zeukaten, eta, batzuen artean berba egin ostean, taldea sortzea erabaki dute. Eurei zirikatzen ere ibili da Benja Legarra, urte askoan boleibolaren munduan ibilitakoa. Suspertzeko beharra ikusten zuen. “Bestela, Euskal Herrian galdu egingo da, eskola kirol hutsean geratuko da”.


Badira ia hamar urte Sapuherri boleibol taldea desegin zela. Orduan mutilek osatzen zuten senior mailako taldea, baina errelebo falta eduki zuten, eta, pixkanaka, taldekideek boleibola utzi zuten. Orain neskekin egin dute taldea berreskuratzeko apustua. Legarrak azaldu du horren arrazoia: “Mutilekin gero eta zailagoa da”. Bere ustez, gaur egun kirol guztietan dabil mutil gutxiago, eta gero eta gehiago dira neskak. Mutilek futbolera jotzen ei dute, batez ere, bere arabera.

Taldea apurka-apurka sendotzen joan gura dute. “Hau epe luzerako proiektua da”, esan du Legarrak. Sapuherri-Kurutziaga izena hartu dute, ikastolan entrenatzen dutelako eta taldekide askok bertan praktikatu izan dutelako boleibola, eskola kirolean. Hogei bat daude kimu mailan, hamaika kadeteetan, eta zortzi seniorretan.

Ondo pasatzeko
Irati Berasategi, Idoia Castillo eta Jone Uribelarrea dira senior mailako taldea osatzen dutenetako hiru. Berasategik dioenez, eskola kirolean piztutako zaletasunak eroan ditu taldea sortzera. “Betidanik jokatu izan dugu. Urte pare bat talde barik egon gara, eta aurreko urtean bueltatzea pentsatzen egon ginen, boleibola faltan botatzen genuelako”. Talde kirola izateari garrantzia eman dio Castillok: “Denbora asko igarotzen dugu batera, eta helburua ondo pasatzea da, gehienbat”. Berasategik ere aisialdirako aberasgarria dela uste du: “Beste guztia ahazteko leku bat da”.

Disfrutatzeaz gainera, partiduak jokatzen hasiko dira. Euskal Herriko Ligan parte hartuko dute, eta gaur egingo dute debuta. Nafarroako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamaika taldek osatzen dute txapelketa. Edozelan ere, ez dute lehian pentsatu gura. “Ez dugu espero irabazterik, ahal duguna egingo dugu”, adierazi du Uribelarreak. Batzuk sei urtez daude partidurik jokatu barik, eta, lehiakideekin alderatzerakoan, hori kontuan hartu behar dela uste dute. Beraz, kirola egin, eta ondo pasatzera joango dira Sapuherri-Kurutziagako neskak.

Senior mailan zortzi daude, taldea osatzeko behar den gutxienekoa. Horren ondorioz, entrenatzeko-eta, gaztetxoekin batu behar izaten dute sarritan. “Nagusiekin nahiko justu gabiltza, eta baten bat animatzen bada, hobeto. Gero eta gehiago izan, hobeto”, esan du Legarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!