“Bizia ematen dut kantek zentzua izan dezaten, ez daitezen arruntak izan”

Anboto 2014ko urr. 16a, 09:00

Jorge Lian García Diazek (Habana, Kuba, 1984) Durangoko Ezkurdi plazan joko du, urriaren 17an, bederatzi musikarik lagunduta.

Zelan sortu da Durangon aritzeko aukera?
Magikoa izan da: Kuban lan egiten duen nire bikotekidearen lagun euskaldun baten bitartez sortu diren hartu-emanek ekarri gaituzte hona. Dena izan da pausoz pausoko inprobisazioa, eta, azkenean, hemen nago, behin amestu nuen hori bizitzen.

Bederatzi musikarik eta dantzari batek lagunduta ariko zara Durangoko kontzertuan.
Musikari itzelekin elkartu naiz kontzertu honetarako: Durangoko musika eskolako Lerman Nieves irakaslea ariko da taldea zuzentzen, eta oso maila altuko jazz musikariek lagunduko didate. Dena emango dugu. Ikusi dut itzelezko agertokian ariko garela, eta ilusio handia egiten dit. Durangokoaren ostean, Madrilen eta Zaragozan joko dut.   

‘Antes que lo prohíban’ diskoa aurkeztuko duzu. Zelakoa da?
“Norbaitek debekatu orduko, egidazu amodioa” dioen izen bereko kantatik hartutakoa da diskoaren izenburua. Asko landutako kantak dira, eta nire estilo nahasketa jasotzen du diskoak. Bizia ematen dut kantek zentzua izan dezaten, ez daitezen arruntak izan. Hitz bakoitza nire maitasun guztiagaz sortua dago. Inoiz hilabeteak eman izan ditut kanta bati falta zaion berba aproposa bilatzen.

Rap musikatik bestelako estiloetarako bidea egin duzu.
Bai, nire sorkuntzan beti dago rapa. Baina baita bestelako melodiak ere. Sortzen hasi, eta edonon amaitu dezaket. Zoro bat naiz horretan, eta musikari lagunak harritu egiten ditut sarritan: tinba batetik rap batera salto egitea proposatzen diet, esaterako. Oso gustuko dut hori.

Entzun ere denetariko musika entzuten duzu?
Bai, noski, oso inportantea da hori. Edozelan ere, batez ere trobadoreen sorkuntza entzuten dut, euren letrak oso gustuko eta elikagai ditudalako.

Finantzaketa kolektiboaren bidez bildu duzu diskorako dirua.
Bai, eta lehenengo kubatarra izan naiz Kuban bertan finantzaketa kolektiboa oinarri duen kanpaina bat erabili duena. Ez da erraza izan, baina mila kopia ateratzeko dirua lortu dugu. Guztiz disko independentea da, eta kalitate handikoa. Edozelan ere, pozik handiena da ikustea egiten dudanagaz identifikatzen diren entzuleak badaudela.

Kritika sozialaz gainera, kanta intimistak ere lantzen dituzu.
Bai, noski. Edozelan ere, zehaztu nahi nuke ez dudala Kuba bakarrik kritikatzen. Kritikatzen dut, esaterako, kubatarrok handik alde egiteko dugun grina. La ponina izeneko kanta horri buruzkoa da: Kuban egon behar dugu gauzak aldatzeko. Badakit eredu guztiek dauzkatela gauza on eta txarrak –kapitalismoa basakeria itzela iruditzen zait, esaterako–, eta Kuban ere aldaketa batzuk egin behar dira. Ez naiz ez iraultzaren, ez Fidelen kontrakoa. Nire barruan sortutako kantak eskaintzen ditut, ez besterik. Sentitzen dudana eta bizi dudana adierazteko beharra daukat. Baina ez dut herriaren ahotsa izan nahi, ezta ezeren liderra ere.

Beste artista batzuena baino zuzenagoa da zure mezua?
Ez pentsa, nik ere oso gogoko dut metaforetan hegaz ibiltzea. Ni baino askoz esplizituagoak dira beste batzuk. Gertatzen dena da ez dutela aukerarik egiten dutena ezagutarazteko.  

Kuban kalitate handiko musika hezkuntza dagoela entzun dugu maiz. Horrela da?
Nire kasuan ez da horrela izan, 20-22 urtetik aurrera ez daukazulako eskoletan sartzeko aukerarik. Ni beranduago hasi naiz, eta ez dut musika ikasketarik. Oso gaztetatik ezagutu ditudan musikariak izan dira nire eskola, eta nire bizitzako zorterik handiena. Talde ikaragarri onekin kantatu izan dut oso gaztea nintzenetik.

 

Zailtasunen gainetik, nahi zuen diskoa kaleratu du: ‘Antes que lo prohíban’

Habanako El Cerro auzoko kaleetan hasi zen 1999 inguruan Jorge Lian García rapa kantatzen. “Rap klasikoa egiten nuen hasieran, trovaren munduan sartu nintzen gero, eta beste estilo batzuen influentzia ere jaso dut”, dio musikariak. 2010ean hainbat musikarirekin abiaturiko proiektua da Kamankola, eta Egrem estudioetan grabatu dute Antes que lo prohíban lehenengo diskoa. Urriaren 17an aurkeztuko dute Durangon.

Kubako bizitzari buruz kantatzen du Jorge Kamankolak. Turismoari buruzko kanta bat dauka, esaterako: “15 urteko neskekin ibiltzen diren 70 urteko turista asko ikusten da gure herrian. Min handia ematen dit neskaren beharrizana zelan aprobetxatzen duten ikusteak”. Turista horiek Kuban uzten duten diruaren truke askok begiak ixten dituztela uste du. Behin Habana Zaharreko lokal batean kanta hori jo zuenekoa gogoratu du: “Bakoitza neskatila bat alboan zuela, kantan deskribatzen ditudan horietako lau gizon nituen parean. Kantatu nuen, baina amaitzean lokaletik bota ninduten”.

Kubako Gobernuak ematen duen lizentzia jasotzeko, Antes que lo prohíban diskoko bi kanta kanpoan uzteko baldintza ipini zioten. Ez zuen onartu. Azkenean, diskoa kanta guztiekin kaleratzea lortu du, finantzazio kolektiboari esker.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!