Jan-edanak, kirolak eta musikak bat egingo dute Durangoko txosnetan

Anboto 2014ko urr. 10a, 12:25

Aurten lau karpaz eta hiru txosnaz osatuko dute Durangoko eragileek Pinondoko txosnagunea. Urriaren 10ean euskalgintzako kideen txupinazoagaz abiatuko da txosnetako egitaraua. Kontzertuak izaten dira urtero ekintza garrantzitsuenak, eta aurten ere horrela izango da: hamabi talderen zuzenekoez gozatzeko aukera egongo da. Horretaz gainera, egunez ere gero eta ekitaldi gehiago antolatzen ditu Txosna Batzordeak.


Pinondoko kokalekuagaz pozik agertu dira txosnaguneko kideak. Euren berbetan, “Durangon txosnak egokitzeko lekurik aproposena” da.

Jaietako ekintzarik arrakastatsuenak erreka jaitsiera eta tortilla txapelketa izaten dira. Aurten, nobedadeen artean, urriaren 12an abentura kirolerako gunea ipiniko dute gazteentzat, goizean eta arratsaldean. Bigarren zapatuan, ohi denez, Mozorro Eguna izango da, eta, aurten, mozorrotzeko gaia udazkeneko joko olinpikoak izango da.

Kontzertuak  
Jaien lehenengo gauean hiru kontzertuko kartela egongo da,  Dinero, Minor Empires eta La M.O.DA taldeekin. Zapatuan, berriz, Pixontxis, Iheskide, eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeek joko dute. Bigarren asteburuko barikua ere kontzertu gau indartsua izango da: Han, Glaukoma eta Kashbad taldeek bisitatuko dute Pinondoko oholtza. Zapatuan erromeria doinuak nagusituko dira Euskabaretegaz eta Luhartzegaz.

Urriaren 11n, Gazte Eguna
Sanfaustoetan, udaletxeko eta txosnaguneko txupinazoez gainera, hirugarren txupinazo bat ere egongo da, Gazte Egunekoa. Urriaren 11n ospatuko dute Durangoko gazteek egun hori. 12:30ean Intxaurren egingo dute txupinazoa, eta goizaldera arteko jaia izango dute gero.

Txupinazoaren ostean, poteoan irtengo dira gazteak, eta 14:30 aldera txosnetan batuko dira, bazkarirako. Bazkariko txartelak Arkarazo, Mesoi Barria eta Intxaurre tabernetan daude salgai, hamar euroan. Bazkalostean, tribialean jokatuko dute.

Denen artean mahaiak batu eta gero, gazte olinpiaden txanda izango da, 17:30etik 19:30 aldera. Iluntzean elektrotxarangak girotuko du jaia, eta, 01:00ean, Gazte Gaba hasiko dute txosnagunean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!