Natxo Martinez: "Jaien %80 eguraldiaren esku dago, eta uste dut aurten busti egingo garela"

Anboto 2014ko urr. 10a, 11:25

Zinegotzi kargua utziko du Natxo Martinezek, eta, horregaz batera, baita Jai Batzordean azken hamasei urteotan izan duen presidente kargua ere. Guztira, 30 urte egin ditu Jai Batzordearen inguruan lanean. Argi berba egiten dutenetakoa da, eta eskertzen da.


Zenbat urte daramatzazu Jai Batzordean?
1984tik dihardut, beraz, 30 urte egingo ditut aurten. Bada garaia uzteko. Nire familiagaz konpromisoak ditut. Maila pertsonalean jarraituko dut, batzordeko beste edozeinen moduan, baina ardura guztia hartu barik.

Sanfaustoek zein indargune dute?
Gustukoen dudana Zezenak Dira ekitaldia da, eta horren bidez ekin nion lan honi. Duela 30 urte zezena zigortu egiten zen, baina hori asko aldatu da. Orain udal araudiak eta Eusko Jaurlaritzaren legeek debekatu egiten dute hori. Abeltzainak ezagutzen ditut, eta badakit beraien animaliak maitasun handiz tratatzen dituztela. Uste dut debekuen ondorioz Bizkaiko herri askotan tradizio hau galdu egin dela, ezin diotelako gastu horri aurre egin. Horregatik, kanpotik ere jende asko etortzen da. 1994tik Eusko Jaurlaritzak traba asko jartzen ditu. Sasoi hartan, itxituran diru asko gastatu genuen.

Sokamuturra gustuko duzula argi dago. Beste zein ekitaldi azpimarratuko zenuke?
Ohiko ekitaldien artean, artopil banaketa eta udaletxe parean zinegotziei dantzan egiten zaizkien dantzak gustuko ditut. Aurreskuak eta artopilen banaketak jende asko batzen du.

Jaietako anekdotarik izango duzu kontatzeko.
Bai, onak zein txarrak gainera. Onena urte hauetan guztietan jendea ondo pasatzen ikustea izan da, eguraldia lagun izan dugunean. Gozamena da Goienkalera joan, eta bete-beteta dagoela ikustea, edo kontzertuak topera egotea. Euria egiten badu, edo egiten duguna jendeari gustatzen ez bazaio, nik ez dut ondo pasatzen. Ostalariek eta dendariek esaten didatenean dena ondo joan dela egiten dugunak balio bat duelako da. Dena dela, jaien %80 eguraldiaren esku dago. Eta uste dut aurten busti egingo garela.

Loquilloren kontzertua aipatuko zenidala uste nuen.
Ez iezadazu gogorarazi. Hiru milioi pezeta ordaindu genituen. Ahal genuena eta gehiago gastatu genuen kontzertuan, eta aseguru barik arriskatu ginen. %10 eskatzen zuten aseguruaren truke, eta ez genuen dirurik. Ez dut sekula horrelako zaparradarik ikusi. Pena izan zen. Loquillo Kurutziaga Hotelera etorri zen, eta whiski eskoziarra eskatu zuen, gainera: Eroskin enkargatu behar izan genuen, dendan ez zutelako horrelakorik. Ondoren, Loquillo doan etortzera konprometitu zen, baina doan bera bakarrik. Musikariak eta gainerakoak ordaindu behar genituen, beraz, hortxe gelditu zen kontua.  
 
Aurten txosnagunea Pinondo inguruan kokatzearen aldekoa zara?
Nik badakit Pinondo Alde Zaharretik hurbil dagoela jendea joateko eta etortzeko, baina auzokideak ere ulertzen ditut. Gutxien molestatzen den lekua da, baina beti auzokide berberei, eta zentzu horretan auzokideekin bat nator. beti ezin dira auzokide berberak kaltetu. Beraz, datorren urtean edo hurrengoan ni ez naizenez saltsan egongo, ez dakit zer gertatuko den. Espero dut trenen garajeak botata egotea, eta orube hori prest izatea txosnentzat. Hala ere, Euskotrenen esku dago hori, ez udalaren esku.

Txosnen jardunari zer deritzozu?
Txosnak ezinbestekoak dira jaietan. Pertsona batzuk gusturago sentitzen dira txosnetan antolatzen diren kontzertuetan eta gainerako ekintzetan, udalak antolatzen dituen ekitaldietan baino. Hori horrela da edozein herritan: Bilbon, esaterako. Txosna Batzordeari diru-laguntza emango ez bagenio, beharbada ez genuke pertsona horien gustuekin asmatuko. Hobe da beraiei eman, eta beraien egitaraua beraiek antolatzea. Lana kentzen digute, eta publiko zabal batengana heltzen dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!