Durangoko euskalgintzak botako du txosnaguneko txupinazoa

Anboto 2014ko urr. 9a, 09:00

Urriaren 10ean, udaletxetik kalejiran etorrita, txosnagunean irakurriko du pregoia Durangoko euskalgintzak. Euskal Herrian Euskarazek 35 urte egin ditu aurten, eta Berbarok 25.

Lehenengo pertsonan, pluralean leloa aldarri hartuta, duela hiru urte euskalgintzaren batasunaren garrantziaz ohartuta sortu zen Guka. Ekimeneko kide dira AEK, Euskal Herrian Euskaraz (EHE), Ibaizabal ikastola eta Berbaro taldea (Berbaro euskara elkartea, Plateruena Kafe Antzokia eta ANBOTO astekaria): “Indar txikiak batu, eta bide beretik denok elkarrekin ibilbide berri bati ekitea premiazkoa zela iritzi genion”. Jaietan txupinazoa jaurtitzeko eskaintza Gukako kideek bakoitzak bere aldetik zein elkarlanean egindako ibilbidearen aitorpena dela azaldu dute.

Pregoian, Berbaroko Fernan Ruizek eta EHEko Ane Zaratek jardungo dute euskalgintzaren izenean. Aitzakia bi dituzte, aurten, jaietan ospakizun berezia egiteko: Berbaroren 25. urteurrena, batetik, eta EHEren 35. urtemuga, bestetik. Azaldu dute ohore handia dela “gukatarrentzat” jaien hasieran protagonista izatea. AEKn, Ibaizabalen eta Kurutziagan, Berbaron, EHEn, Plateruenean zein ANBOTO astekarian modu batera edo bestera parte hartu duten pertsonez gain, euskaltzale guztiek txupinazoagaz gozatzeko deia egin dute Gukatik. 

Gune euskaldunak
Euskararen erabilera bultzatzeko euskal guneak sortzea da Gukaren helburua. Ildo horretatik, urtero euskalgintzan diharduten elkarteek eta eragileek aurrerantzean elkarlanean jarduteko asmoa dute.

Egitarau propioa
Gukako karpan egitarau xumea antolatuko dute. Urriaren 12an, 19:30ean poteo girotua abiatuko dute Gukaren karpatik. Ondoren, GUbingoKA, bingoa antolatuko dute, “sari erakargarriekin”.

Auzolanerako deia
Jaiak ate-joka dauden honetan,  Gukako kideak jaigunea prestatzen hasiak dira. Urtero bezala, Durangoko eta Durangaldeko euskaltzale guztiak Gukara gonbidatu dituzte. “Auzolana oinarri duen proiektua da gurea, eta, adibidez, txosnetako txandetan, ogitartekoak egiten, muntaian eta dekorazioan laguntzeko edo parte hartzeko gonbita ere egin gura genizueke”.

Gukako arduradunekin harremanetan jartzeko euskarazguka@gmail.com helbide elktronikora mezua bidaltzea edo 946 201 918 telefono zenbakira deitzea jarri dute aukeran. Gainera, sare sozialetan ere izango dugu Gukaren berri: Twitterren @euskarazguka eta Facebooken GUKA.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!