Aitziber Irigoras: "Udaleko diru kontuak onbideratuta daude, eta egoera ona da"

Anboto 2014ko ira. 30a, 13:03

Aitziber Irigoras alkateak EH Bilduk duela aste bi eginiko salaketak gezurtatu ditu. Adierazi du udalak ez daukala defizitik, eta salaketan kutsu elektorala ikusten du: "Ezker Abertzalearen estrategia udal hauteskundeetara bidean zarata sortzea da". EH Bilduk aurtengo udal kontu orokorra errekurritu du, eta gaurko udalbatzarrean landuko dute gaia.

"Jendeak egia zer den eta zer ez jakiteko ordua da". Alkateak lasaitasun mezua helarazi gura izan die durangarrei. Diru kontuak ondo daudela eta defizitik ez daukatela argitu du. Izan ere, EH Bilduk kontu orokorrari alegazioa aurkeztu zion, azalduz udaleko soberakina ez dela positiboa, negatiboa baizik. Gobernu taldeak ez duela kalkulu erreala egin uste dute EH Bildukoek. Gainera, 7,8 milioi euroko zorra dagoela zabaldu zuten. Horretaz berba egin du Irigorasek: "Ez dakigu nondik atera duten".

Alkateak datu bi aipatu ditu defendatzeko. Batetik, 3,5 milioi euroko kreditu bat eskatu zutela 2010ean. Dioenez, gaur egun kreditua 3 milioira bajatu da, egitasmo batzuk aurrezkiagaz ordaindu dituztelako. Kreditu hori inbertsioak egiteko eskatu zuten, eta eman zieten. Baina, ez daukate erabilgarri, eta Irigorasen berbetan, ez dute interesik ordaintzen. "Diru hori badaezpada daukagu hor" esan du, eta garatu bako proiektuetarako gordeta dagoela ziurtatu du. Bestetik, Landako Gunearen zorra dago. Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko Azpiegitura erakundeari 3 milioi euro eman behar dizkiete, baina ordainketa atzeratzen dabil. Alkateak azaldu duenez, gizarte ekintza lako arloetan diru gehiago behar izan dutenean ordainketa ez egitea erabaki dute. "Ahal dugun neurrian ordaintzen goaz. Aurrezkia handiagoa denean ordainduko dugu". Banketxeagaz krediturako baldintza oso onak dauzkatela esan du. Beraz, datu bi horiek baloratuta, "zulorik" ez dagoela argudiatu du.

EH Bilduri profesionaltasun falta egotzi dio Irigorasek, eta politika judizializatzea ere bai. Azaldu du Bermeo eta Balmasedan ere gobernu jeltzaleen kontra egin dutela, eta auziak artxibatu egin direla ohartarazi du. Kutsu elektorala ikusten du salaketan. "2013an ez zuten gauza bera egin, egoera bera izanda". EAJri "zarata" hori ez ei zaio interesatzen: "Durangarren arazo errealak soluzionatzeko lan egingo dugu". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!