'Pekados kapitales' lana aurkeztuko du Khuzayma dantza taldeak zapatuan

Anboto 2014ko ira. 26a, 17:20
Sabel-dantza eta dantza tribalak uztartuko dituzte San Agustingo emanaldian. Argazkia: Malas Hierbas

Sabel-dantza eta dantza tribalak elkartzen dituen ikuskizuna eskainiko dute Durangoko Khuzayma sabel-dantza taldeko hamabost kidek, zapatuan, 20:30ean, San Agustin kulturgunean. Pekados kapitales izena du ikuskizunak, eta koreografia berriekin osatu dute.

Duela bi urte eskaini zuen Khuzaymak ikuskizun bat lehengoz Durangoko kulturgunean, eta orain arte landu bako dantza estiloak barneratu ditu aurtengo ikuskizunean: dantza garaikidea, dancehall eta butoh estiloak. Gorputz mugimenduaren bitartez, bekatuaren ideiari buruzko gogoeta plazaratuko dute Khuzayma taldekoek. Nafarroa, Kantabria eta Valladolideko lagun dantzariak gonbidatu dituzte Durangoko emanaldira.

San Agustin kulturguneko emanaldiaz gainera, dantza tailerrak ere antolatu dituzte Khuzayma taldekoek biharko; tribal fusion, dancehall eta dantza garaikidea praktikatu ahalko ditu gura duenak. Bertaratzen denak errepikatu egiten duela adierazi dute taldekideek. Beraz, gehiago pentsatu gabe, zapatuan gerturatzeko gonbita egin dute.

Gaur gauerako ere ekimen berezia antolatu dute Durangoko Khuzayma sabel-dantza taldekoek. Eszenatoki irekia atonduko dute Sweet & Vicious diskotekan, 20:00etatik aurrera: sarrera doakoa da, baina aurrez eman behar da izena, eta edozein gerturatu ahalko da bertara, dantzaz gozatzera.
Asteburu honetako emanaldi eta ekimen berezien ostean, urrian berrartuko dituzte Khuzaymako 30 kideek asteroko saioak. Ekialdeko dantzak ikasi gura dituenak danzadurango@hotmail.com helbidera idatzi behar du izena emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!