Durangoko Azokako Ikasleen Egunean izena eman dezakete ikastetxeek

Anboto 2014ko ira. 25a, 14:20

Urriaren 3ra arteko epea daukate ikastetxeek Durangoko Azokako ikasleen egunean parte hartzeko izena emateko. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 1.200 gaztek parte hartuko dute abenduaren 5erako prestatu dituzten ekitaldietan.

Hogeita hamar saio baino gehiago biltzen dituen egitaraua osatu dute Durangoko Azokako gune guztien artean, abenduaren 5erako: besteak beste, elkarrizketak egin, musika kontzertu batean parte hartu, edota bikoizketan jarduteko aukera izango dute gaztetxoek. Durangoko Azoka barrutik bizi eta ezagutzeko aukera izango dute ikasleek.

Nobedade bezala, argazkigintzagaz eta irudigintzagaz esperimentatzeko tailer bi eskainiko dituzte Artium eta F-Stop Durango elkarteek, Durangoko Museoan; 300 ikaslerentzako kontzertu berezia eskainiko du Durangaldeko Ghetto musika taldeak, Plateruenean; eta Yolanda Arrieta eta Oskar Estanga sortzaileek tailer bana eskainiko dute Berbaroren eskutik, Saguganbaran.

Ekimen horietan parte hartzeko, aurrez izena eman behar dute ikastetxeek. Urriaren 3 baino lehen, Durangoko Azokaren webgunean erregistratu, eta euren intereseko ekimenak aukeratu beharko dituzte parte hartu gura duten ikastetxeetako arduradunek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!