Ines Etxegibel, DRTko entrenatzailea: "Jokalari zein pertsona lez hezi eta hazi naiz hemen"

Anboto 2014ko ira. 26a, 09:15
Ines Etxegibel Arripausuetako harmailetan. Argazkia: Lehior Elorriaga

Emakume bat gizonen gidari. Oraindik ere, ez da ohikoa neska batek mutilen talde bat entrenatzea. Batzuentzat normala ere ez; Espainiako tenis selekzioan Gala Leonegaz gertatu dena da horren adibide. Aurten Ines Etxegibelek hartu du Durango Rugby Taldeko mutilen lehen taldearen ardura. Urtetan kanpotik ibili da: Katalunian jokatzen, eta Euskadiko eta Espainiako selekzioen hautatzaile, adibidez. Baina etxera bueltatu da orain, abentura berri batean murgiltzeko. DRTren proiektu sozial eta lehiakorrean sinisten du, eta ilusioz dago klubeko partaide delako berriro. 14 urtegaz hasi zen errugbian jokatzen, eta ez du pasiorik galdu.

Urtetan kanpotik ibili ostean, etxera bueltan etorri zara. Zelan gertatu da?
Zuzendaritzakoek galdetu zidaten ea etxera bueltatu gura nuen, eta, gainera, mutilen lehenengo taldea eroateko erantzukizunagaz. Segituan baietz esan nuen, pentsatu barik. Ilusioa egiten dit hona etortzeak; jokalari zein pertsona lez hezi eta hazi naiz hemen. Erronka bat da,  baina daukaten filosofia ikusita, oso erronka erakargarria.

Espainiako emakumeen selekzioa uztetik zatoz.
Abuztuan izan zen Espainiako selekzioagaz nire azkeneko ekintza, Parisko Munduko Kopan. Federazioan aldaketak direla-eta, banekien ez nindutela aintzat hartuko, eta ni ere apur bat aspertuta nengoen. DRTren proiektuaren gainean segurtasun osoa neukan. Hasi berri gara, eta ea nora eroaten gaituen abentura honek.

Zelan baloratzen duzu selekzioan bildutako esperientzia?
Oso esperientzia polita izan da. Gainera, egon diren jokalari askogaz jokatu izan dut; jokalari izatetik entrenatzaile izatera igaro nintzen. Nik uste paper ona egin dugula, nahiz eta baliabide gutxi eduki. Kirolean emakumeen taldeak beti izaten dira azkenak, eta errugbia beti egon da gutxiengoan. Munduko Kopan bederatzigarren geratu ginen hamabitik. Zortea ere hor dago; izan ere, sailkapen fasean Kanadaren eta Ingalaterraren kontra egokitu zitzaigun, eta gero ikusi genuen eurek jokatu zutela finala.

Emakume izanda, gizonak entrenatuko dituzu, eta badirudi  oraindik ere batzuentzat ez dela normala. Gala Leonegaz gertatu denak ematen du zer pentsatua...
Nire ustez, ez dago generoak zerikusirik daukan arlorik. Nire taldekoek ez dute eduki esperientziarik neska entrenatzaileekin, eta nik ere ez mutilekin. Baina kirol bera, pasio eta maitasun bera partekatzen badugu, ahaztu egiten dugu eurak mutilak direla eta ni neska naizela. Entrenatzerakoan, errugbiaz pentsatzen dut, ez mutil edo neskengan. Eta, uste dut eurek ere berdin pentsatzen dutela. Gaitasun kontua da. Zuendaritzakoek hautatu naute, euren ustez profila dudalako. Normalean, mutilen taldeetan mutilek eroaten dute erantzukizuna, eta nesken taldeetan neskek. Eskerrak hori ere pixkanaka aldatzen dabilen, eta mugak apurtzen gabiltzan.

Errugbia gutxiengoan dagoela diozu. Baina Durangon DRTk badauka zabalpena, ezta?
Bai. Nik uste dut gero eta zaletasun handiagoa dagoela. Argi dago aurretik egindako lana polita izan dela. Aratz Gallastegik eroaten du talde osoa, eta estamentu guztien artean erlazio oso ona dago, sinkronizazioa dago. Denok dugu helburu bera: kluba. Honi bide luze bat ematen saiatzen gara, eta hori da benetan erakartzen nauena. Maila sozialean eta lehiakorrean hazi gura dugu, baina bi arloak lotuta.

Zer helburu daukazue aurtengo denboraldirako?
Hasi berri gara, eta argi eta garbi daukagu lan asko egin behar dugula. Baina ez dut helburu finkorik ezartzen; orain modan dagoen “partidurik partidu” hori nahiago dut [barrez]. Nik esaten diet entrenamenduetan irabazi edo galtzen ditugula asteburuetako partiduak. Horretaz gainera, gure proiektu lehiakorrera gero eta jokalari gehiago batzea da helburua.

Zelako entrenatzailea zarela esango zenuke?
Nik uste dut oreka nahiko ona daukadala. Gaitasuna daukat gure gabeziak ikusteko eta horrek lantzeko. Lehenengo, taldearen ezaugarriak aztertu behar dira, eta gero, hortik abiapuntu bat sortu. Ni ere egokitzen nabil.

Zelako jokalariak dauzkazu taldean?
Bi eratakoak. Batetik, esperientzia eta ibilbide handikoak, eta, bestetik, lehenengo taldera sartzen orain hasi direnak. Gaztetxoak beste talde horretan sartzea da nire helburua, bien arteko oreka lortzea.

Zer dauka errugbiak hainbeste lotzeko?
Lehenengo eta behin, kirola da. Nahiz eta kontaktu askokoa izan, araututako kirola da. Jendeak uste du lesio asko egoten direla, baina larriak ez dira asko izaten; hori diote estatistikek. Gero, bizitzeko estilo moduko bat da. Ez dakit zergatik, pasioa-edo izango da, baina hemendik pasatu garen guztiok lotura daukagu errugbiagaz.

Fisikoki gogorra denez, pertsonalki ere lagunduko du, ezta?
Batez ere talde-lana egiten delako. Bakarrik ezin duzu ezer egin. Onena da denok daukagula lekua; nahiz eta ahula edo fina izan, errugbian beti daukazu zure ezaugarrietara egokitzen den posturen bat.

 


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!