2015erako udal zergak bere horretan utzi gura ditu EAJk

Anboto 2014ko ira. 22a, 14:10

Zergak ez igotzeaz gainera, hobariak ere iazko neurri berean uztea proposatu du gobernu taldeak. "KPIaren egoera kontuan izanda eta udaleko kontuak ondo daudela ikusita", hartu dute erabakia.

2015erako udal zergak "izoztea". Hori da EAJk eztabaidara eroango duen proposamena. Lehenengo batzordean landuko dute, eta amaitzeko udalbatzarrak onartu beharko du osoko bilkuran. "Une honetan posible zaigu presio fiskala mantentzea, kontuan izanda gure diru sarrerak mantendu egiten direla", adierazi du Aitziber Irigoras alkateak prentsa ohar bidez. Gainera, Bizkaiko diru-bilketa arloan aurreikuspenak egin dituzte, eta Udalkutxatik sarrera gehiago egotea ei da balorazio horren emaitza. Irigorasen berbetan, herria ekonomikoki berrindartzea da garrantzitsuena, baita familiak laguntzea ere: "Batez ere, arazo gehien dituztenei laguntzea, argi baitaukagu pertsonen alde ari garela lanean”.

Iaz %2,2ko igoera onartu zuten, EAJ eta PSE-EEren botoekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!