Kutxabanken izan da EH Bildu, etxegabetze eta etxe hutsen kopurua galdetzen

Anboto 2014ko ira. 19a, 12:49

Koalizioak hainbatetan eskatu du informazio hori udalaren bitartez, baina ez du erantzunik jaso. "Durangarren dirua kudeatzen duen banketxe batek ezin du durangar bat kalean utzi", adierazi dute. Herritarrei informazioa banatzen ere ibili dira, adreiluz mozorrotuta.

Kutxabankek azken urteetan zenbat etxegabetze egin dituen eta zenbat etxe hutsik dauzkan. Horiek izan dira EH Bilduk Zumalakarregi kaleko bulegoan eskatu dituen datuak. Udalaren bidez sarritan eskatu izan ditu, baina erantzunik ez du jaso. Banketxe horretan dago Durangoko diru publikoa, eta horregatik, "konpromiso etiko eta soziala" eskatu diote EH Bilduko kideek. Udalean hiru mozio onartu dira azken urte bian gaiaren inguruan, eta eskakizunetako bat etxegabetzeak aurrera eroaten dituzten banketxeetatik diru publikoa ateratzea zen. Erantzunik jaso barik, zuzenean joan dira Kutxabanken bulegora.

Bulegoko zuzendariagaz eta zuzendariordeagaz egon direla azaldu du Eider Uribek: "Esan digutenaren arabera, uztaileko mozioan eskatzen zenaren berri prentsatik eduki zuten". Horren ostean, udalagaz hartuemana daukan kudeatzaileak traturen bat eduki ei du, baina momentuz ez dago datuen berri. Banketxeko ordezkariei mozioa eman diete, eta hauek gaia Bilbora bidaliko dutela esan ei dute, Uriberen arabera.

Kalean informazioa banatzen ibili dira, bulegora sartzeaz gainera. Ekintza informatiboa izan da, baina Dani Maeztuk euren azken helburua zein den azaldu du: "Durangarren dirua kudeatzen duen banketxe batek ezin du durangar bat kalean utzi". Gainera, Kutxabankek etxe hutsak dauzkala badakitela adierazi du, eta kritikatu bota du: "Zer egiten dute etxe horiek hutsik?". Udalagaz hitzarmen bat lotzea proposatu du, alokairu sozialeko programa bat bultzatzeko.

2013an 64 etxe kaleratze sinatu ziren Durangoko epaitegian (Durangaldea eta Arratia jasotzen ditu), eta 2014an, ekainera arte, 72.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!