Atxiloketen eraginez, marihuanaren gaineko eztabaida kalean dago

Anboto 2014ko ira. 19a, 09:46

Joan zen eguenean, lagun bi atxilotu zituen Ertzaintzak Durangoko Kalebarrian, etxe bitan marihuana eduki, eta osasun publikoaren kontrako delitua egiteagatik. 370 landare, 400 kimu eta 250 gramo topatu zituzten. Auzokide batzuek sute bat zegoela uste zuten, eta horregatik joan ziren ertzainak. Ez zegoen suterik: kea etxean egiten zebiltzan lan batzuek sortu zuten. Etxe horiek Anboto marihuana kontsumo taldeak erabiltzen ditu. Atxilotuetako bat Iñigo Karreto izan zen, ostalaritza arloagatik ezaguna, eta, bere izena agertu denez, gaia kalean zabaldu da.

Anboto taldeko presidentea da Karreto, eta, legeztatuta egoteaz gainera, jarduera publikoa dutela dio. Amaierara arte joko dute epaiketetan: “Autokontsumorako eskubidea dugula uste dugu, eta epai guztiek babesten gaituzte”. Autokontsumoa legala dela adierazi du, eta landaketan eta kontsumo partekatuan sortzen ei dira nahasmenak.


Durangon lau elkarte daude
120 bazkide inguru dauzka Anboto taldeak, eta arau deontologikoa edo etikoa guztiek daukate onartuta. Epai judizialei jarraituz, kopuru zehatz bat partekatzen dute –hiru gramo eguneko–, eta beste inori ez banatzeko konpromisoa dute hartuta. Gainera, ez da Durangoko talde bakarra; lau daude, eta, Karretoren ustez, ehunka kontsumitzaile daude. Beraz, autokontsumoa normala dela dio. Baina normalizazioa lortzeko, erregulazio baten beharra ikusten du, “atxiloketek egoera zailtzen dutelako”. “Ez dugu zertan horrelako egoerarik jasan”.

Eusko Legebiltzarrean martxan dago lanketa bat, eta, antza denez, ia aditu guztiek egin dute erregulazioaren alde. Baina, ez dago erabakirik hartuta, eta kontsumitzaileek egoera zalantzati horretan jarraitzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!