“Gure tradizio industrialak asko laguntzen dit tailerreko lanetan”

Anboto 2014ko ira. 19a, 09:50
Argazkia: Txelu Angoitia

Sancho el Sabio fundazioaren Gasteizko egoitzan inauguratuko du Victor Arrizabalagak (Mañaria, 1957) 'Memoriaren lurraldea' erakusketa, gaur.

Erakusketa hau zure ibilbidean “beste urrats bat” dela adierazi duzu. Urrats inportantea?
Beste urrats bat da, bai. Orain bi urte, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko liburutegian Beste liburu batzuk izeneko erakusketa ipini nuen. Liburuaren munduari buruzkoa zen erakusketa hura ere, hau bezala. Kasu honetan, Sancho el Sabio fundazioaren egoitza da erakuslekua.

50 urte bete ditu fundazioak.
Horrela da, bai, eta urteurreneko ospakizunen artean antolatu dute nire erakusketa. Erreferentziazko lekua da Sancho el Sabio: Euskal Herriko dokumentazio zentrorik handiena da, euskal kulturaren inguruan argitaratzen den guztia katalogatzen dutelako bertan. Gure herriaren memoria gordetzen du. Beraz, nire erakusketaren Memoriaren lurraldea izenburuagaz lotura du.

Izan ere, memoriaren inguruko gogoeta bat da erakusketa honen ardatzetako bat.
Bai, batetik, liburuetan dagoen memoriari buruzkoa, eta, bestetik, irudietan dagoen memoriari loturikoa. Esaterako, Gasteizko areto honetarako mural erraldoi bat egin dut, hiru metro altu eta bederatzi luze dena. Ikonoak, gure memoriako parte aktiboak diren irudiak, elkarrizketan ipini ditut lan honetan.

Aldundiko liburutegiko erakusketagaz konparatuta, zer berritasun egin duzu?
Gaia berdina da bietan, baina Bilbokoan ia lan guztiak koloredunak ziren –zuri-beltzeko bat izan ezik–. Hamar idazlegaz kolaboratu nuen lan horretarako. Oraingoan, ostera, kolorea baztertzeko pausoa eman dut, eta lan berriak zuri-beltzekoak dira. Aldaketa inportantea da hori niretzat. Urte eta erdiko lanaren emaitza da Gasteizko erakusketa: eskultura beltzak, koloreztatutako eskulturak eta murala, hiru atal horietako lanak bildu ditut oraingoan.

Noiz eman duzu koloretik aldentzeko pausoa?
Bilboko erakusketaren ostean hasi nintzen lanak margotu barik uzten; zelanbait, zorrotzagoak, garrantzitsuagoak, serioagoak diren piezetan zentratu naiz azkenaldian.

Pozik zaude Gasteizko erakusketaren emaitzagaz?
Ohore bat da Sancho el Sabio fundazioa nigaz oroitu izana. Izan ere, erakusketa ipini dugun lekua bera ere oso interesgarria da, oso eraikin berezia da.  

Noiz arte eta zer ordutegigaz bisitatu daiteke erakusketa?
Abenduaren 31ra arte egongo da ikusgai. Astelehenetik barikura, 09:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:00etara egongo da zabalik. Asteburuetan itxita egongo da.

Durangon inoiz ikusi ahalko dugu ‘Memoriaren lurraldea’?
Ez dago aurreikusita. Baina etorkizunean aukera balego gustora erakutsiko nuke nire lana Durangon. Lagunen eta ezagunen erantzuna ikustea oso polita izaten da sortzailearentzat.

Presentzia berezia du tipografiak zure lanetan. Zergatik?
Literatura gustuko dudalako. Letrekin hitzak eta berbekin hizkuntzak egiten dira, eta nik, paraleloki, letrak objektu bihurtu, eta eraikinak sortzen ditut. Eskulturak era literarioan sortzen saiatzen naiz: letrekin hizkuntzak ez ezik, eskulturak ere eraiki daitezkeelako. Kasu batzuetan, inspirazio iturri ditut olerkiak, edo idazleei eskatzen diet nire piezak inspirazio hartuta zerbait idazteko. Gasteizen badaude pieza narratiboak, baina baita abstraktuagoak ere, irakurketa askeagoa daukatenak.

Baduzu hain tamaina handiko eskulturak tailerrean egiteko esperientzia?
Egin izan ditut lehen ere, baina tailerreko lana beti da oso gogorra da. Edozelan ere, badaukat profesionalen laguntza, eta, gustuko gauzak ateratzen zaizkidanean, asko disfrutzen dut.

Altzairua da gehien erabiltzen duzun materiala? Bereziki zaila da material hori lantzea?
Bai, burdina da gehien erabiltzen dudana. Lortu nahi dudanaren arabera, brontzea edo bestelako materialak ere erabili izan ditut nire eskulturak egiteko. Izan ere, gauza batzuk burdinagaz egitea ezinezkoa da. Edozelan ere, gure eskualdeko tradizio industrialak asko laguntzen dit tailerreko lanean; materiala lortu eta lantzeko, esaterako.

Zer duzu orain esku artean?
2015ean Bilbon egingo dudan erakusketa eta Iruñeko gotorlekurako egingo dudan instalazio bat prestatzen hasiko naiz, atseden labur baten ostean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!