Egun bakarrean bete dute Durangoko Azokako Ahotseneko programazioa

Anboto 2014ko ira. 17a, 10:55

Abenduaren 5etik 8ra Durangon ospatuko den 49. Azokara zuzeneko 80 emanaldi eta aurkezpen eskainiko dituzte euskal talde, bakarlari eta idazleek Ahotsenea gunean.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, izena emateko epea zabaldu zuten egun berean (herenegun) bete zen Ahotsenea. Bertan euren lana zuzenean erakusteko izena eman gura zuten hainbat musika talde eta idazle leku barik geratu dira.

Durangoko Azokako antolatzaileek azpimarratu dute, alde batetik "poz handia" dela sortzaileen artean Ahotseneak halako harrera edukitzea. Bestalde, eskari guztiei lekua egitea ezinezkoa izan zaielako pena dutela ere aitortu dute. Aurrerantzean euskal sortzaileen eskari guztiei lekua egiteko aukerak aztertuko dituztela aurreratu dute.

Durangoko Azokako gainontzeko guneetan (Areto Nagusian, Saguganbaran, Irudienean, Kabi@n, Szenatokian zein Azoka TBn) parte hartzeko, urriaren 15era arte eman ahalko da izena. Durangoko Azokaren webgunean aurkeztu behar dira proposamenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!