Stop Accidentesek jaso du Mugikortasunaren saria

Anboto 2014ko ira. 16a, 14:44

Mugikortasun Jasangarriaren Astea ospatzen dabiltza Durangon, eta horren baitan, Mugikortasunaren saria eman dio udalak Stop Accidentes elkarteari. Aitziber Irigoras alkatea eta Rosa Trinidad egon dira ekitaldian.

Udal batzordeak erabakita, Stop Accidentesek jaso du Mugikortasunaren saria. "Aspalditik lan itzela egin du", adierazi du Irigorasek, eta herritarren segurtasuna eta elkarbizitza bultzatu izana nabarmendu ditu. Aurten kanpaina edo proiektu berri bat ipini dute martxan arlo horietan sakontzeko, baina horren gainetik, eguneroko lana eskertu gura izan du alkateak. EAE mailako ordezkaria da Rosa Trinidad, eta Durangon ere egiten dituzte kanpainak.

Trinidadek saria eskertu du: Poztasun handia da pertsonalki eta elkarte lez ere". Laguntza ematen dutenak ere izan ditu gogoan: "Herrian era altruistan laguntzeko prest dagoen jende zoragarria dagoela konturatu naiz". Lanean jarraitu eta gizartean sentsibilizazioa pizteko deia egin du. Gainera, Durangon aurrerapausuak eman direla uste du: "Asko aurreratu da, baina ez da konformatu behar".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!