San Fausto jaietara batzeko deia, Cristobal Aguilóren kartelagaz

Anboto 2014ko ira. 16a, 14:20

Cristobal Aguiló murtziarraren 'Súmate a la fiesta' kartelak iragarriko ditu jaiak. Aurtengoak, Natxo Martinezek antolatzen dituen azkeneko jaiak izango dira, jaien ardura eta zinegotzi kargua utziko ditu-eta.

Hiru aste pasatxo falta dira San Fausto jaiak hasteko. Urriaren 11tik 19ra bitartean garatuko dira Tabira musika bandaren txupinazoagaz hasiko diren jaiak. Makina bat ekintza egongo dira, eta kartelak jaira batzeko deia egiten du. Cristobal Aguiló murtziarraren Súmate a la fiesta izan da kartel lehiaketako irabazlea. Epaimahaiaren eta herritarren bozken baturak hori ekarri du. Internet bidez bozkatuena, baina, Busti kolorez San Faustuek! izan da. Udaleko egitarauaren aurkezpenean, Natxo Martinezek bere azkeneko urtea izango dela aurreratu du, jaien ardura eta zinegotzi kagua utziko ditu-eta. Gainera, elkarte batzuen ekarpena faltan botatzen dutela esan du. Hamar bat lagunek osatzen dute jai batzordea.

Txupinazoa botatzea “ohore handia” dela adierazi du Josu Otxotorena Tabira musika bandako presidenteak. Txupinazo txikia Mugarra Triatloi Taldekoek jaurtiko dute, eta eurek ere “pozik eta gogoz” daudela azaldu du Txela Bereziartuak.

Ohiturazko ekintzez gainera, igeriketa txapelketa herrikoia, kantu-jira eta zaldi-salto lasterketa daude nobedadeen artean. Aurten, Musika Eskolako patioa gune berri bat izango da, eta zezen-plaza bueltatuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!