Axari Lasterketan bigarren sailkatu da Ariznabarreta

Anboto 2014ko ira. 16a, 09:31
Ariznabarreta erdian, kamiseta hori argiarekin.

Aritz Egea eta Oier Ariznabarretaren arteko buruz burukoa izan zen lasterketa.

 

Oier Ariznabarretak eta Aritz Egeak lehia polita izan zuten joan zen domekan Idiazabalgo Axari mendi lasterketan. Hasieran Walter Becerra ere eurekin ibili zen, baina ordu erdiko ahaleginaren ostean atzean geratu zen Sestaon bizi den venezolarra. Ondoren, podiora sartzeko aukera barik zegoela ikustean, lasterketa utziko zuen.

Bitartean, Durango eta Urretxuko korrikalari biak nor baino norrrago zebiltzan aurrean. Lasterketako azken laurdenean, Egeak erritmo bizi markatu eta Ariznabarretak ezin izan zion eutsi. Helmugan garaipena eta marka berria ezarri zituen Egeak: 1.58.22. Gainera, berarentzat izan zen jokoan zegoen mendi lasterketen Euskadiko txapelketa. Ariznabarretari gutxi falta izan zitzaion bi ordutik jaisteko: 2.00.16. Hassan Ait Chaou-k osatu zuen podioa: 2.01.49.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!