Erronka bat garatuz hasi dute ikasturtea Maristak ikastetxean

Anboto 2014ko ira. 9a, 14:43

Ikasturte hasiera ez da erraza izaten ikasle zein irakasleentzat. Gauza eta pertsona berriak, ordutegiak, antolaketa... Aldagai horiek ahalik eta era erraz eta atseginenean gainditzeko eredu bat jarraitzen dute Durangoko Maristak ikastetxean.

Ikasleak taldeka banatzen dituzte, eta guztiei erronka berbera ematen diete. Gaur goizean egin dute jardunaldi berezi hori, eta ikasleei hurrengoa eskatu diete: espaziora helduko litzatekeen gailu edo tramankulu baten prototipoa sortzea.

Talde horiek ikasturte osorako dira, Hostaizka Sainz komunikazio arduradunak azaldu lez. Erronkak edukiko dituzte, ziklo batzuetan iraunkorki eta beste batzuetan tarteka. “Ikasturte osoan zehar, talde lana eta kreatibitatea ikusiko dituzte”.

Gainera, Maristetan erronken arabera lan egiteko ohitura daukate. Beraz, hasierako jardunaldiak lan estilo horretan murgiltzeko balio izan die. Europa mailan lantzen den sistema bat ikastetxera egokitu, eta Maristak Learning System izenagaz bataiatu dute. Ikasleez gainera, Durangaldeko enpresen beharrak ere kontuan hartu dituzte sistemarako.

Goizeko 08:00etan hasi dute jardunaldia, eta 10:00ak arte taldeak osatzen eta antolatzen ibili dira. Horren ostean, 12:00ak arte, zelako prototipoa egin aztertu dute. Gailuak, barruan fikziozko piloto bat eroan behar zuen, urez betetako puxika bat, kasu honetan. Makiltxoak, kartulina bat, tutu bi, soka bat, itsasgarria eta zabor poltsa bat eduki dituzte gailua eraikitzeko. Hainbat aukera landu, eta taldeko azken prototipoa izango zena hautatu dute. Gero, klasearen aurrean defendatu dute proiektua, eta guztien artean onena aukeratu dute.

13:00etan patioan elkartu dira guztiak, diseinatutako prototipoak praktikan ipintzeko. Irakasleek prestatutako katapulta batzuetan sartu dituzte prototipo hegalariak, eta helburua, sare bat pasatu eta ontzi batean jaustea zen, fikziozko pilotoa “bizirik” irtenda gainera. Batxilergoko 1. mailakoak eta Elektrikoetako ikasleak izan dira irabazle.

500 bat ikasle daude aurten Maristak ikastetxean, eta ikasturte berria ikuspegi ekintzaileagaz hasi dute. Jarrera bera mantentzen saiatuko dira, eguneroko erronka berrien bidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!