Mariano Estudillo: "Gure lanbideari buruzko ikasbide itzela jaso dut obrako lankideengandik"

Anboto 2014ko ira. 3a, 09:25

Aste honetatik aurrera Vive cantando telesailean (Antena 3) agertuko da Mariano Estudillo aktorea (Durango, 1991). 19 urtegaz Madrilera joan zen antzerki munduan sakontzera eta hainbat proiektutan parte hartu du ordutik. En el estanque dorado antzezlanean ibili da urte betez, Hector Alterio eta Lola Herrerarekin lanean. 

‘En el estanque dorado’ antzezlanean aktore lanetan ibili zara urtebetez. Zelako esperientzia izan da?
Luxu handia izan da lantalde horren parte izatea, eta eskerrak eman nahi dizkiot proiektu horretarako aintzat hartu ninduen jendeari. Jesus Cimarro ermuarra (Durangoko Geroa antzerki taldeko kidea izandakoa) da antzezlanaren produktorea, eta berak eskaini zidan aukera hau.

Hector Alterio eta Lola Herrera antzezle entzutetsuak dira, eta euren ondoan jardun izana aukera ederra izango zen, ezta?
Ikaragarria izan da ia 24 orduz zinemako, telebistako eta antzerkiko legenda handi horiekin lan egitea. Lasaitasun itzela ematen du ikusteak bizi osoa lan honetan ibili direnek ere entseguetan geuk dauzkagun zalantzak dauzkatela; geuk bezala, galdetu, hanka sartu eta akatsak zuzentzen dituztela. Gure lanbideari buruzko ikasbide itzela eman didate. Bizitzari buruz ere asko ikasi dut biran, eurekin trenean edo autoan joanda, eurekin afalduta... Horretan genbiltzala, telebistako telesail batean parte hartzeko aukera sortu zitzaidan, eta eurei ere aholkua eskatu nien erabakia hartu orduko.

‘En el estanque dorado’ antzezlanaren aurkezpen biraren bigarren partean beste aktore bat dabil orain arte zeuk egindako papera egiten.
Bai, ekainetik aurrera Adrian Lamana aktoreak dihardu pertsonaia hori egiten. Asteon, esaterako, Bilbora bueltatuko da lantaldea, Campos Elíseos antzokian obra eskaintzera. Iazko abuztutik ekainera arteko funtzioetan neuk jardun nuen ia urtebetez, eta Madrilen (Espainia) eman genituen hiru hilabeteetan antzeztu nuen pertsonaia hori.

Urte hasieran ere egon zineten Bilbon. Zelan gogoratzen dituzu emanaldi haiek?
Ikaragarria izan zen etxean, Arriagan aritzea. Egon naizen antzokirik onena da Arriaga. Gainera, amaieran gurasoak, familia eta lagunak ikustea oso betegarria izan zen. Emanaldi horren ostean, gogoan dut Sevillako (Espainia) Lope de Vegan eskaini genuela En el estanque dorado, eta familiaren beste partea eduki nuela jesarlekuetatik txaloka. Ezin hobea izan zen!

Aurrerantzean, berriz, ‘Vive cantando’ telesailean ikusiko zaitugu.
Haiseran lan biak egitea zen asmoa, baina erabaki bat hartu behar izan nuen. Itzela izan da En el estanque dorado egiteko aukera, baina Vive cantando orain arte eduki ez dudan aukera da: telebistan pertsonaia ona eta finkoa edukitzeko aukera. Nahiz eta lan bat eduki, gure lanbidean beti komeni da hautaprobak egiten jarraitzea, eta Vive cantando telesailerako probak egin, eta hartu egin ninduten.

Gogorra egin zitzaizun antzerkia utzi behar izana?
Antzerkian presente egoten jarraitzea zen arduratzen ninduena: ez nuen telebistagatik antzerkia alde batera utzi gura. Denboraldi honetarako beste antzerki obra batean parte hartzeko aukera daukadala jakiteak lasaitzen nau. Las amistades peligrosas antzezlan garaikidean musika irakasle baten papera egiten dut: esaterako, saxoa, baxua, gitarra, bateria eta harmonika jotzen ditut obran.

Oso desberdinak dira antzokia, telebista eta zinema?
Lagunei esan ohi diedanez, antzerkia ezkontza baten modukoa da: hilabeteak eman behar dituzu entseatzen; ondoren, estreinaldia dator –ezkontza ospakizuna–; eta zortea badaukazu, urte asko egingo dituzu obra horregaz. Zinema, aldiz, udako maitasuna da: dirauen bitartean ez daukazu besterik buruan, baina badakizu iraila ailegatuko dena, eta amaitu egingo dena. Azkenik, gau bateko harremana da telebista; noizbait berriro topatzen baduzu, zure oroitzapen ona eduki dezan nahi izango duzu, eta gogoz saiatuko zara.

Hiru horietatik zein arlotan gura zenuke zure bidea egin?  
Gaur egun, “nik hauxe egin nahi dut” esatea ezinezkoa da. Aukera daukazun horretan jardun behar duzu. Egia da nik antzerkia dudala gustukoen, eta bertan ikasten dela gehien. Telebistan gauza asko zure kontroletik kanpo daudelako sentsazioa duzu. Zuk zure testua esan, eta hortik aurrera gertatzen denaren berri telebistan ematen dutenean izaten duzu. Antzerkian,  ostera, harreman zuzenagoa duzu lankideekin.

Zure adineko jendea ez da hurreratzen antzerkira. Zergatik?
Oso zaila da nire adinekoak antzerkira joatea, hemen ez dagoelako antzerki kulturarik. Londresen (Ingalaterra), Parisen (Frantzia) eta New Yorken (AEB) dagoena ikustera joaten dira antzerkira. Meridan (Espainia), antzerki klasikoaren jaialdia egiten duten hirian, telebistako txutxumutxuak barik, Aristófanes eta Medea darabiltza jendeak ahotan. Udaro dute antzerkia, eta zaletu egiten dira. Baina apusturik egiten ez bada, jendea ez da joango. Antzerkiaren arrakastarik gura ez duten agintariak ere badaude, adierazpide librea delako, gauzak esan eta mezuak zabaldu ditzakezulako; horren kontra egiteko, adibidez, BEZa igotzen dute eta soldatak murrizten dituzte.

19 urtegaz joan zinen Madrilera: aktore lanetik bizitzeko beharrezko ikusi zenuen?   
Joan beharra nuen, Euskal Herrian ez nuelako antzerkia indartzeko apusturik ikusten. Bilatzen nuena topatu dut Madrilen: eskolan neu bezala lan honetan aritzeko irrikaz dagoen jende mordoa ezagutu dut, eta antzerki maisu handiak ere bai: egon nahi dudan lekuan nago, eta nahi dudana egiten nabil!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!