'Mataderoa': Durangoko auzo zaharkituenetakoa berrizteko ordua dela uste dute auzotarrek

Anboto 2014ko abu. 29a, 11:55

1940ko hamarkadan Durangaldean piztutako industrializazioaren eraginez, Durangok hazkunde demografiko handia eduki zuen 1980ko hamarkadara arte. 50eko urteetan 128 etxebizitza eraiki zituzten herriaren mendebaldean, gaur egun Aramotz izena duen auzunean. Urte gutxiren buruan hiltegia zabaldu zuten bertan, eta, horregatik, Mataderoa izenagaz ezagutu izan da auzoa herritarren artean. Urteotan aldaketak izan dituen arren, Durangoko auzo zaharkituenetakoa da, eta aurreko mendearen erdialdean altxatutako etxeak berrizteko ordua dela uste dute auzokideek.


Herria auzo elkartekoek azaldu dutenez, auzotarren kezka uda aurretik hasi zen forma hartzen. Elkartera jo zuten batzuek, etxeen egoera “larri eta penagarriak” arduratuta. Elkarteak batzarrera deitu zituen atariz atari –jabeen bi heren agertu ziren– eta, ondoren, atarietako ordezkari guztiak batu ziren iritziak trukatzeko. Hauek identifikatutako beharrizan orokorrak: fatxadak konponduta etxeak babestea eta saneamendu sareak berriztea. Batzuek igogailuak ezartzea ere proposatu zuten.

Baina obra horien kostu ekonomikoak arduratzen ditu, eta horregatik jo zuten udalera. Elkarteko kide batzuek eta etxeen jabe batzuek batzorde bat osatu zuten, eta udal arduradunekin batzartu ziren. Bi gauza adierazi zizkieten: diru-laguntzak garrantzizkoak izango direla, eta, ildo horretan, obraren hasierako azterketa udalak bere gain har dezala. Txema Bilbao da batzordeko kideetako bat: “Udalak San Faustorako proiektu bat egin zuela ikusi genuen. Proiektu on bat egin gura dugu, zer behar den, eta zer egin ahal dugun ikusi”. Udalak bestelako “konpromiso” bat hartu behar duela uste du Bilbaok: “Urbanizazioa ere badago, eta udalak zer edo zer egin behar du”. Etxeen atzeko errekaren egoera txarra ipini du adibide.
Batzarra “oso ondo” joan zela dio Bilbaok. Administrazioetatik laguntzak lortzeko aukera egon litekeela azaldu diete. Gainera, udal arkitektoak hasierako azterketa aurten bertan egitea posible dela esan die.

Hiltegia bota dute
Azken urteetan zabaltzen eta itxura berria hartzen joan da Aramotz. Errotaritxuena auzoa jaio da alboan, eta San Roke hedatu egin da. 2012an hiltegia itxi zuten, uztailaren amaieran botatzen hasi ziren, eta asteon azken lanak egiten aritu dira.

Hiltegiaren lekuan geratuko den espazio librean aparkaleku bat egongo dela aurreratu du udalak. Auzotarren aspaldiko eskaera bat bertan gizarte etxe bat eraikitzea da, baina oraindik ez dago horretarako eperik, udalak eraikitzeko asmoa eduki arren. Krisia tarteko, baliteke denboran atzeratzea. Etxe zaharrak berrizten diren ere laguntzen eta auzotarren sarreren araberakoa izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!