Txirrindularien nazioarteko elkartrukean zortzi gazte etorri dira Durangaldera

Anboto 2014ko uzt. 24a, 11:39

Duranguesa txirrindulari elkarteak seigarren urtez antolatu du elkartrukea. 15 eta 18 urteko gazteak dira eta AEBetik, Frantziatik, Eskoziatik eta Ingalaterratik etorri dira Durangoko familietara. Bizikletaren afizioaren bidez, hizkuntzak eta kulturak ezagutzea da helburua. Durangoko gazte bi Eskoziara joango dira abuztuan.

 

Duranguesa elkarteak akordioak ditu Eskoziako selekzioarekin eta Lyoneko Lyon Sprint Evolution taldearekin. Txirrindulari gazteek lasterketetan parte hartuko dute Euskal Herrian. Orain arte eskoziarrak eta frantsesak etorri dira elkartrukean, eta aurten, lehenengoz AEBetako Minesotako txirrindulari bat etorri da. Josu Atxotegi Duranguesako kideak azaldu duenez, ahoz ahokoaren bidez jakin du Josey Weik Durangoko ekimenaren berri: "Belgikako proba baten elkartrukean parte hartu zuen eskoziar bat ezagutu zuen Joseyk, eta hona etortzeko aukeraren berri eman zion".

Zortzi txirrindulariak Beste Alde Orue Eskolako txirrindulari baten etxean daude. Elorrioko txirrindulari elkarteak ere parte hartzen du ekimen honetan, eta gaur, adibidez, Miotatik buelta emango dute txirrindulari gazteek kanpotik etorritako lagun berriekin.

Abuztuan, Durangotik Eskoziara

Elkartrukearen baitan, Durangoko gazte bi Eskoziara joango dira abuztuaren 15ean, bertan hamabost egun pasatzera. Besteak beste, jubenilen Galesko itzulian parte hartuko dutela azaldu du Josu Atxotegik.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!