Aho batez erabaki dute Gerediaga elkartea 15.000 euro gehiagogaz laguntzea

Anboto 2014ko uzt. 23a, 10:53

Gerediaga elkarteagaz lankidetza hitzarmena sinatzea onartu zuten atzoko osoko bilkuran, Durangoko Udalean ordezkaritza daukaten alderdi guztiek: EAJk, Bilduk, PSEk eta PPk. Lehen onartutako 30.000 euroei 15.000 gehituko dizkiote.


Hitza hartu zuten bozeroale guztiek goraipatu zuten Gerediaga elkarteak egiten duen lan eskerga. Durangoko Azoka antolatzeko egiten duen lana, bereziki. Azokak euskalgintzan eta kulturgintzan daukan garrantzia azpimarratu zuen Dani Maeztu Aralarko bozeroaleak, eta adierazi zuen, beste erakunde batzuek egin duten bezala, Durangoko Udalak ere proiektu hori bultzatzea beharrezkoa dela. "Azokak erakundeen eskutik jasotzen duen sostengua ez da neurrikoa", esan zuen baita, Idoia Agorria alderdi sozialistako zinegotziak: "izan ere, inbertitzen dugun euro bakoitza bikoiztuta bueltatzen zaio herriari". Herriko instituzioek Azoka diruz laguntzea baino gehiago egin dezaketela nabarmendu zuen Eider Uribe Bilduko ordezkariak: "Durangok azoka egunetarako daukan potentzialtasuna ikusita, turismo bulegoaren inplikazioak eta Durangoko elkarteenak handiagoa behar luke".

Plateruenagaz lankidetza hitzarmena
Durangoko Plateruena kafe antzokiari 10.000 euroko diru-laguntza ematea ere onartu zuten atzoko osoko bilkuran. EAJ, Bildu, Aralar eta PSE-EEk lankidetza hitzarmen hori onartzearen alde bozkatu zuten, eta abstenitu egin zen PP. Aralarrek eta Bilduk hartu zuten berba. Udalari hausnarketa eskatu zion Dani Maeztuk: "Hitzarmen berri bat eta konpromiso zehatzak behar ditugu Plateruenagaz, Durangoko eragile kultural oso garrantzitsu horregaz".

Gazako sarraskia salatzeko adierazpen instituzionala
Bilduk eta Aralarrek aurkeztu zuten Gaza jasaten dabilen "injustizia salatzea" helburu duen mozioa, atzoko udalbatzarrera. Duela 77 urte bonbardaketa jasan zuen herri bezala, Gazagaz elkartasuna adierazten duen deklarazio instituzionala onartu du Durangok. Aralar, EAJ, Bildu eta PSE-EEk Bozeramaileen batzordean adosturiko idatzia da onarturikoa. Bertan, Durangoko Udalak dei egin egin dio Israeli, Palestinaren kontra burutzen dabilen erasoa gelditu dezan. Nazioarteko komunitateari, bestalde, helburu hori lortzeko egin beharrekoak egin ditzala eskatu diote, eta "inplikatuta dauden eragile guztiei biolentziaren erabilera alboratu dezatela". Udaletxeko balkoian, gainera, xingola beltzdun Palestinako bandera ipintzea ere onartu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!