Hiltegia botatzen hasiko dira, eta auzorako gune berri bat sortuko da

Anboto 2014ko uzt. 17a, 12:55

Durangoko hiltegi zaharra botatzen hasiko dira hilabete amaieran. Udalak informatu duenez, sei asteko iraupena edukiko du eraisteko prozesuak, eta gero lur hori egokitzeko lana ere garatuko dute. Izan ere, Aramotz auzunerako espazio berri bat sortuko da eremu horretan. Etorkizunean gizarte etxe bat eraikitzea dago aurreikusita.


130.000 euroko aurrekontua erabiliko dute eraikina eraisteko. Geroko, eremua egokitzeko, beste 68.000 euro gorde dituzte. Lursaila lisatu egingo dute, itxidurak kendu, eta lurra berdintzeko material bat botako dute. Ondorioz, udalaren arabera, gune zabal bat geratuko da, aparkaleku moduan erabiltzeko eta azokak egiteko, adibidez.

Ez dago eperik ezarrita, baina udalaren intentzioa bertan gizarte etxe bat zabaltzea da. Auzotarren aspaldiko eskaera bat da hori, eta Herria auzo elkarteko Angel Longartek azaldu du horren arrazoia: “Guk ez daukagu zerbitzu publikorik inguruetan”. Horregatik, irailean udalagaz berriro batzartzeko asmoa daukate, proiektuari buruz berba egiteko. Zentroaren baldintzak eta ezaugarriak zehaztea izango da lana. Gainera, sasoi bateko egoera ekonomiko onean egindako aurreikuspena gaur eguneko krisi egoerara egokitu beharko dela uste du Longartek.

50 urteko historia
Hiltegia 50 urtez baino gehiago egon da martxan. 2007tik 2012ra bitartean Erralde hiltegia egon zen bertan, eta baserritarren eta udalen ekimenez jaio zen. Baina udalak epe baterako baimena eman zuen, batez ere auzotarren iritzia kontuan hartuta. Horregatik, Erraldek Berrizen erosi zuen hiltegi berrirako lurra. Azkenean, krisi sasoian proiektuak ez zuen aurrera egin, eta udalak zorra likidatzeko lanean dabiltza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!