7.500 euroko diru-laguntza emango dute sorkuntza sustatzeko

Anboto 2014ko uzt. 14a, 09:10
Mikel Onaindia arte historialariak jaso zuen diru-laguntza aurreko deialdian

Proiektu artistikoak garatzeko emango du beka Durangoko Udalak. Irailaren 5era arte aurkeztu daitezke sorkuntzari loturiko proiektuak  lehiaketara.

 

Sorkuntza artistikoa bultzatzeko eta hedatzeko helburuz egiten du Astarloa Kulturgintza Erakunde Autonomoak deialdi hau, eta edozein diziplinatako sorkuntza lanak aurkeztu daitezke deialdira: muntaia eszenikoak, artelan plastikoak, argazkigintza, literatura, musika, ikus-entzunezko zein performance modalitateko lanak; denak dira ondo etorriak. Kulturaren edozein arlotako egitasmoa duen orok bere proiektua gauzatzeko diru-laguntza jaso dezake Durangoko Udalaren ekimenagaz.

Deialdi honetan 7.500 euroko diru-laguntza eskainiko du Astarloa Kulturgintzak. Epaimahaiak erabakiko du kopuru hori beka batean edo proiektu bat baino gehiago garatzeko erabiliko den. Erabaki hori hartzeko, proiektuaren kalitate artistikoa lehenetsiko du. Era berean, kontuan izango ditu lana jendaurrean erakusteko aukerak, aurrekontuen doiketa eta, proiektuaren barruan hizkuntza elementu aktiboa denetan, euskararen erabilera.
Durangoko Arte eta Historia Museoan edo Hiritarren Arretarako Zerbitzuan aurkeztu daitezke eskaria eta proiektua: administrazio dokumentuak zein dokumentazio artistikoa –proiektuaren azalpen-memoria– aurkeztu behar dituzte parte-hartzaileek. Udalaren www.durango-udala.net webgunean dago deialdiaren inguruko informazio guztia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!