Hamahiru lagunek brigada lana egingo dute sei hilabetez

Anboto 2014ko uzt. 11a, 11:04

Hamahiru durangarrek sei hilabeterako lana edukiko dute, udalak Lanbideren diru-laguntza bat aprobetxatuta kontratatu dituelako. Horri esker, udal eraikinetan konponketak egingo dituzte, eta lorategiak zein plazak zainduko dituzte, besteak beste.

Beharrean hastear dira, eta brigada lana egingo dute: hiru iturgintzan ibiliko dira, bost pinturan, bi lorezaintzan eta beste bi mantentze lanetan.

Lanbidek 2013an iragarri zuen erakundeentzako eskaintza, eta Durangoko Udalak PSE-EEren ekimenez egin zuen eskaera. Pilar Ríos bozeramaileak prentsaurrekoan gogoratu du gobernu taldeak ez zuela proposamenik aurkezten, eta epea amaitu baino lehen eurek hartu zutela iniziatiba.

Kontratazioak Sartu Zabaltzen erakundeak egingo ditu. Riosek azaldu duenez, irizpide sozialak ezarri dituzte: errekurtso barik daudenak, langabezian luzaroan dauden 45 urtetik gorako gizonak eta familiaren pisua daramaten emakumeak. Guztira, 252.000 euroko aurrekontua dauka egitasmoak, eta Lanbidek 162.000 euro ipini ditu.

Riosek esan du PSE-EErentzako lehentasuna dela langabeziaren kontra egitea: “Horrelako iniziatibak aurkezten jarraituko dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!