Durango Kirol Taldea bigarren mendi lasterketen Espainiako txapelketan

Anboto 2014ko eka. 30a, 10:47
Ezkerretik eskumara: Aitor Astorkia, Dabid Garcia eta Oier Ariznabarreta
Atzo mendiko lasterketen Espainiako txapelketa jokatu zuten Cercedillan (Madril) eta taldekako sailkapenean bigarren amaitu du Durango Kirol Taldeak.

 

Espainiako Atletismo Federazioak antolatzen duen lasterketan talderik onenak saritu dituzte aurten lehenengo bider. Talde bereko lehenengo hiru korrikalarien denborak hartu dituzte kontutan sailkapena osatzerako orduan. Durango Kirol Taldeak erakutsi du talde indartsua eta zabala duela; Imanol Goñik eta Ekaitz Kortazarrek ezin izan dute joan, baina Dabid Garcia, Oier Ariznabarreta eta Aitor Astorkiak osatutako hirukoak bigarren amaitzea lortu du.

Hamabi kilometro eta 700 metroko desnibel positiboa zituen lasterketan laugarren amaitu du Garciak (53.21), zortzigarren Ariznabarretak (55.25) eta 31. Astorkiak (1.01.54). Hiruren denborak batuta Kataluniako Sabadell taldeak bakarrik gainditu ditu. Ariznabarreta minez heldu da helmugara eroriko baten ondorioz: "Helmugarako bost kilometroren faltan erori egin naiz jaitsiera batean; zaintiratua egin dut eta baita hainbat zauri ere gorputzean. Une batean ere ez zait okurritu lasterketa bertan behera uztea eta lorpen handi hori hondatzea. Lasterketa handia egin dute Dabid eta Aitorrek. Handiak zarete eta handi egiten duzue taldea", adierazi du sare sozialetan.

 

TALDEKAKO SAILKAPENA

1- Joventut Atletica Sabadell................ 2.45.36

2- Durango Kirol Taldea...................... 2.50.40

3- Trivalle Cajacanarias...................... 2.53.45

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!