Platerueneko lagunarteko elektronika: Friends saioa

Anboto 2014ko eka. 17a, 09:00
Ruben Kostas DJ durangarraren ekimenez ipini da martxan proiektua
Ruben Costas DJ durangarraren ekimenez jaio den Friends musika elektronikoaren jaialdiaren lehenengo hitzordua izango dute datorren barikuan, Durangoko Plateruenean. Izen artistiko berriagaz dator DJ durangarra, mundu horretan hasi zela hamar urte bete direnean: Ruben Kostas izen artistikoagaz. Lagunak gonbidatu ditu Kostasek beragaz aritzera: Josu Aranburu bergararra eta Ibailo donostiarra ariko dira beragaz, ekainaren 20an.


Josu Aranburuk zabalduko du gaua, bere kanta zerrendagaz giroa berotuta. Ondoren ariko da Ruben Kostas, bere doinu alai eta dantzagarriagoekin; eta Ibailok itxiko du gaua, musika ilun eta undergroundagoaz. Lagun gehiago ere gonbidatu dituzte Friends ekimenaren lehenengo saiora: aurkezpena egiten eta kantuan ariko dira, besteak beste.

Kostasen berbetan, azken urteotan Plateruenean antolatutako Gau Elektronikoak baino “proiektu umilagoa, apalagoa” da Friends; helburu nagusitzat lagunekin musika gozatzea duena: “esentziara” bueltatzea.

Musika elektronikoaren barruko joera “serioagoetara eta flow geldoagoa duenetara” joko dutela azaldu du Kostasek, “publiko helduago baten bila. Gau Elektronikoan nazioartean ezagunak diren artistak ekarri bazituzten, gertukoagoekin jardungo dira orain, eta maiztasun gutxiagogaz antolatuko dituzte saioak: “Lehengo dinamikagaz barik, lasaitasun handiagoagaz ariko gara, urte osoan bi jaialdi antolatuta, esaterako”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!