Argazkigintza garaikideagaz topo egiteko hamaika aukera, martitzenetik aurrera

Anboto 2014ko eka. 9a, 14:12
Turismo Bulegoan aurkeztu dute jaialdia, gaur, Andoni Inaurrizaga zinegotziak, Leo Simoes eta Zaloa Fuertes antolatzaileek, eta Natalia de Naverán turismo bulegoko teknikariak.
Bihartik ekainaren 29ra arte burutuko dute Begira Photo jaialdiaren laugarren edizioa, Durangon. Kaleetan, aretoetan, plazetan eta dendetako eskaparateetan, hormetan zein lurrean, izango da argazkigintza garaikidea gozatzeko aukera.

 

Argazkigintza garaikidea ahalik eta herritar gehienei zabaltzeko helburuz, zortzi erakusketa, sortzaileekin hainbat solasaldi, proiekzioak, eta tailerrak eskainiko ditu, datozen egunetan, Begira Photo jaialdiak. "Herritar guztientzako antolatzen dugu jaialdia" azpimarratu dute antolatzaileek aurkezpenean, "ez argazkigintza munduan dabilen jendearentzat bakarrik".

Leo Simoes jaialdiaren zuzendariak azpimarratu duenez, aurten, "aurrerapausu handiak" eman ditu Begira Photok, "bai programazioak jasotzen duen alor artistikoari dagokionez, eta baita eragileen partaidetzari dagokionez ere". Izan ere, beste diziplina artistiko batzuek ere izango dute jaialdi horretan espaziorik: Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek parte hartuko dute, esaterako, ekainaren 21eko Andra Mariko elizpeko proiekzioan; eta Los Espontáneos taldeko antzerkigileek irekiko dute ekainaren 20ko "fotomural kolektiboaren" egitasmoa.

Zaloa Fuertes koordinatzaileak esan duenez, "bertako gazteek egiten dutenari, baina baita munduan egiten denari ere lekua egitea" da jaialdiaren jomuga. Horrela, esaterako, Marokoko argazkigintzaren lagin bat erakutsiko dute, ekainaren 11n, Arte eta Historia Museoan; eta Perukoa, 18an: "Ezezagunagoa, ikusteko zailagoa den argazkigintza, mota hori ere erakutsi gura dugu", gehitu du Simoes jaialdiaren zuzendariak. Rous Boisier txiletarra izango da nazioarteko gonbidatu berezia: Pérdida erakusketa dakar Boisierrek Durangpora, eta solasaldi batean ere parte hartuko du.

Argazkilari euskaldunen lanak izango dira aurtengo jaialdiaren protagonista nagusiak: Godzilla, Helena Goñi, Segun Lazkano, Garazi Erdaide, Bego Antón, Goiuri Aldekoa-Otalorarena, Txelu Angoitia, edo Jesus Mari Arruabarrenaren lana ezagutzera emango dute, esaterako, jaialdian.

Herritarren eta elkarteen parte-hartzea

Parte hartzea bultzatzea da aurtengo jaialdiaren helburu nagusietako bat, eta horren erakusle da, esaterako, udaletxeko plazan horman eta fomatu handian ipiniko dituzten bost autorretratu aukeratzeko deialdian 150 argazki jaso izana. Herritarrak obra kolektibo batean parte hartzera ere gonbidatuko dituzte, ekainaren 20tik 29ra, eta F-Stop Durangoko argazki elkartearen parte hartzeagaz, XIX. mendeko kamera estenopeikoa handi bat ipiniko dute, ekainaren 21ean, 18:00etan, Ezkurdin, jendeak ezagutu dezan.

Jaialdi honen laugarren edizioko programazio zabalaren barruan, bestalde, argazkigintzari buruzko tailer bi ere badaude: Jesus Micó argazkilariak gidatuko duen Norbera autore, eta Zaloa Fuertesek umeei zuzenduta eskainiko duena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!