Libre Sahara literatur lehiaketan lehenengo saria jaso du Iban Gorritik

Anboto 2014ko mai. 29a, 18:00
'Si les dicen que caí' izenburukoa da Gorritik saharar herriari ahotsa ematea helburu duen literatur lehiaketara aurkeztu duen idazlana.

 

Libre Sahara literatur lehiaketan lehenengo saria eman diote Iban Gorriti (Durango, 1970) kazetariari. Gorritik bigarren aldiz jaso du saria Hayu Sahara elkarteak eta Joves Saharauís Catalunya elkarteak duela hiru urtetik antolatzen duen lehiaketan. Iaz, bigarren saria irabazi zuen, Gora bihotzak! Isiltasun harresiarentzako musuak idazlanagaz. Saharar baten eta kazetari baten arteko telefono bidezko elkarrizketa zen narrazio horren haria.

Si les dicen que caí izenburuko lana da, aldiz, Gorritik aurten lehiaketara aurkeztu eta saria jaso duena. “Marokoko harresiari ez” gaia eman du, aurten, narrazioen lehiaketako antolakuntzak: sahararrak banatu eta zapaltzen dituen harresiaren kontrakoa. “Injustizia sufritzera kondenaturiko saharar herriari ahotsa emateko” helburuz antolatzen dute lehiaketa.


Bigarren saria, ostera, Mohamed Fadelen Un recuerdo cercano izenburuko lanak jaso du, eta Xabier Susperregiren Poemas encadenados lanari eman dio epaimahaiak hirugarren saria. Idazle sahararrek osatzen dute Libre Sahara literatur lehiaketako epaimahaia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!