Haurreskolarako zegoen diruagaz Antso Estegiz kalea eraberrituko dute

Anboto 2014ko mai. 29a, 09:18
Martitzeneko osoko bilkuran hartu dute erabakia.
Landako ikastetxean haurreskolarako eraikin berri bat egitea aurreikusi zuen udalak duela zenbait urte, eta, horretarako, 815.000 euroko diru partida bat gorde zuen. Baina gaur egun horren beharrik ez dagoela-eta, dirua beste proiektu batzuetarako erabiltzea erabaki du. Obra handienetako bat Antso Estegiz kalearen eraberritzea izango da, 300.000 euro balioko duena.


Martitzeneko batzarrean onartu zuten kreditu aldaketa EAJk, PSE-EEk eta PPk; Bildu eta Aralar abstenitu egin ziren. Inbertsioa jaso duten proiektuetako asko PSE-EEk udal aurrekonturako egindako ekarpenak dira, Pilar Ríos bozeroalearen arabera. Antso Estegiz kaleak “urgentziazko eraberritze bat” behar duela uste du. Batez ere irisgarritasun aldetik egingo dituzte konponketak.


Bestalde, hegoaldeko saihesbidearen zati bat garatuko dute 270.000 eurogaz. Antso Estegiz eta Urki kaleak batzen diren lekutik Montorretarainoko zatia, hain zuzen. Hauek dira beste ekimenak: Frai Juan Zumarraga eta Landako etorbideetako argiteria hobetzea (80.000 euro); larrialdietako hiru etxe hornitzea (32.000); Merkatu plazako instalazio elektrikoaren obra (62.000); administrazio elektronikoarena (40.000); eta Landakoko lonjak eraberritzea (30.000).


Bildu eta Aralar ez ziren ados agertu inbertsioak egiteko moduagaz. Eider Uriberen (Bildu) iritziz, soberakineko dirua zelan gastatu herritarrekin landu beharko litzateke. Dani Maeztuk (Aralar) ere eztabaida soziala eskatu zuen. Gogoratu zuen herrian ez dagoela kultur etxerik, ludotekarik eta gaztelekurik.
Goiztidi Diazek (EAJ) nabarmendu zuen “haurreskolaren beharrizana beteta” dagoela, 42 plaza edukita, datorren ikasturtean 31 ume hasiko direlako.  Jeltzaleek eta sozialistek, beharrizana sortuz gero, horrelako proiektu bat bultzatzeko konpromisoa hartu zuten. Uriberen ustez, “arazoa izango da etorkizunean dirurik ez edukitzea”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!