Rous Boisier, argazkilaria: "Amaren buruan gertatzen ari zena interpretatzeko saiakera dira irudiak"

Anboto 2014ko mai. 21a, 13:51
Ekainaren 10etik 29ra Durangon ospatuko den Begira Photo jaialdira etorriko da Rous Boisier (1985, Temuco) argazkilaria. ‘Pérdida’ lana ekarriko du beragaz, Durangora.



Begira jaialdiaren atzerriko partaide bakarra zara. Zer deritzozu jaialdiaren programazioari?
Txilen zein atzerrian, gure herrialdeko sorkuntza artistikoa bultzatu eta ezagutzera ematea helburu duen beka bat eman zidan Consejo Nacional de la Cultura y las Artes-ek. Diru-laguntza horri esker etorri naiteke Begira jaialdian parte hartzera. Erakusketa ipiniko dut, baina gainera, berbaldi batean ere parte hartuko dut Goiuri Aldekoa- Otaloragaz. Jaialdiaren programazioa oso bariatua eta osoa da, eta euskal sortzaile gazte —gehienak emakumezkoak— asko batuko ditu. Belaunaldi berriei lekua egitea oso inportantea dela uste dut. Argazkilaritza kalera ateratzea, bestalde, herritar guztiak argazkigintzara gerturatzeko bidea da: museoen eta galerien lau hormetatik kanpo autore-argazkigintza gozatzeko.

Zer ideiaren ingurukoak dira ‘Pérdida’-ko argazkiak?
Lan oso intimoa da. Nire ama gaixo zegoenean zaintzen nengoela egindako argazkiak dira. Amaren buruan gertatzen ari zena interpretatzeko saiakera da. Asko landu nuen argazkietako atmosfera bere barne-munduari buruzko nire gogoetak ahalik eta hoberen transmititzeko. Objektuen bitartez egindako narrazioa da; objektuek familiaren etxeko espazio intimoetan duten presentziak iradokitzen duenaren eta familia albumeko amaren argazkietan oinarritutakoa.


Sorkuntza prozesua gogorra egin zitzaizun?
Urte t’erdiko prozesua izan zen. Hasierako argazkietakoa diskurtsoa zakar, oso ebidente eta mingarria zen. Suposatzen dut, hori zela momentu hartan sentitzen nuena. Bilatzen, arakatzen jarraitu nuen eta amaren galera kontatzeko beste era bat bilatu nuen. Ulertu nuen mina beti egongo zela hor. Zelanbait, onarpen eta heltze prozesu bat izan zen, eta egoera ulertzen eta gobernatzen ikasi nuen. Horrela joan zen argazki lana ere heltzen, gaur egun denera ailegatu arte.

Erakusteko asmoagaz egin zenituen argazkiak?
Prozesu intimo hori argazkietan jaso nuen, horrela egin behar nuela sentitu nuelako. Begira jaialdiak eman dit lan hau lehenengoz jendaurrean erakusteko aukera. Museoetan edo galerietan erakusteaz gainera, nire lana zabaltzeko bestelako baliabideak erabiltzea interesatzen zait: lanaren eta ikusten duenaren arteko harremana ahalik eta intimoena izateko, eta Pérdida proiektuak lortzen du hori.


Leo Simoes Begira jaialdiko zuzendariagaz kolaboratu izan duzu Txilen, ezta??
Bai, 2013an Txilen egon zenean ezagutu nuen Leo Simoes. Urte betean zehar nire herrialdeko hainbat lekutan gidatu zuen Acerca de la mirada argazkigintzako ikastaroan parte hartu nuen. Gero, Madre tierra argazkigintzako proiektua garatzeko Temucon sei hilabetez geratzea pentsatu zuen, eta ni bizi naizen La Araucanía eskualdeko herri indigenari, mapucheei, buruzkoa da lan hori. Argazkigintzako proiektu horren osagarri narratiboa izango den Somos laburmetraia dokumentalean elkarrekin gabiltza, ordutik, lan egiten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!