'Político-poético' erakusketa kolektiboa aurkeztu dute Durangoko Museoan

Anboto 2014ko mai. 15a, 12:48
Amaia Molinet, Andere E. Molinet, Ibon Azpiroz eta David Pavo
Euskal Herriko unibertsitatean Arte Ederrak ikasitako bederatzi artista gazteren artelanak eta erakusketarako propio idatziriko testuak biltzen ditu, 'Político-poético' erakusketak.

 

"Arte sorkuntza oro poetikoa eta politikoa delako ustea" da ekimen kolektibo honen abiapuntua. Artistek eurek autogestionaturikoa da erakusketa, eta Nora Aurrekoetxea & Laura Ruiz, Ibon Azpiroz, Lehior Bilbao, Urtzi Canto, Andere E. Zubiaur, Amaia Molinet, Lúa Ordás eta David Pavoren artelanak, eta Alberto Díez eta Beñat Romeraren testuak biltzen ditu.

Bideo-sorkuntza, argazkigintza, eskultura, eta literatura uztartzen ditu, Político-poético proiektuak, eta ekainaren 1era arte egongo da Durangoko Arte eta Historia Museoan, ikusgai.

Erakusketa antolatu duten eta bertan euren lanak erakusten dituzten lau artista gaztek eman zituzten Político-poético proiektuaren inguruko azalpenak, Arte eta Historia Museoan, atzo. Iñigo Garatu iurretarrak erakusketan hartutako irudiekin osaturiko bideoa ere eman zuten aurkezpen horretan.

Político-poético izeneko proiektuaren barruko hirugarren erakusketa kolektioboa da ekainera arte Durangon izango den hau: 2012an eta 2013an beste artista batzuen lanekin osatu zuten Político-poético, eta Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Getxon ere erakutsi izan dute.

Artista eta bere lana ardatz

Amaia Molinet, David Pavo, Andere E. Zubiaur eta Ibon Azpiroz sortzaileek aurkeztu zuten atzo erakusketa, eta azpimarratu zuten, "artista bakoitzak bere izaera indibidualetik eta askatasun osoz" sorturiko lanak direla bildumakoak. Hain zuzen, horrek "aberasten duela" erakusketa. Ekimen honen oinarriak, "artista eta bere lana", eta "elkarrekin beste zerbait eraikitzea", direla azpimarratu zuten egileek.

Motozerraz izenburuko bere bideo-instalazioaren inguruko azalpenak eman zituen Ibon Azpiroz leitzarrak. "Euskal imajinariotik abiatuta, tradizioaren idealizazioa, kultura estatikoa eta folklorea" zelan beste zerbait bihur daitezkeen adierazi gura du Azpirozek: Mikel Lasarte motozerralariaren lanaren bitartez euskal kultura tradizionalaren eta arte espazioen arteko harremanak aztertzen ditu.

Amaia Molinet lizarratarrak, 1939an Lodosan errepresaliatu eta hildako herritarren omenez 2013an egindako interbentzioa eraman du erakusketa honetara. Isiltasunaren hutsunea mugatzen duen zirkulu bat osatzen dute eraildako pertsona bakoitzeko larrosa gorri banak: 131 larrosa gorrik.

Euren eskultura lanez jardun ziren, bestalde, David Pavo ermuarra eta Andere E. Zubiaur bilbotarra, atzoko aurkezpenean. Askotariko materialak darabiltza Pavok bere lanetan; beira, zeramika, zura edo oihala, esaterako. Bere mezu poetiko eta politikoa adierazteko eguneroko bizitzako objektuak eta materialak eraldatzen ditu Andere E. Zubiaurrek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!