Etxeetako plaka frankistak kentzea eskatu du udalak

Anboto 2014ko mai. 13a, 10:02
PSE-EEren ekimenez, udalak gutun bat bidaliko die etxe atarian plaka frankista daukatenei. Plakak kentzeko eskatu, eta gura badute udalak berak doan egin ahal duela azalduko die.

PSE-EEko Pilar Ríosek adierazi du 2007ko Memoriaren Legearen arabera ikur horiek desagertu behar direla. Neurria, "derrigorrezkoa eta justua" dela esan du, "biztanleriari hainbeste sufrimendu eta min eragin zion erregimen baten ikurrak direla kontuan hartuta". Joan zen asteko udal batzorde batean onartu zuten ekimena.

Ríosen arabera, auzokide batzuen eskariaren eraginez sustatu dute ekimena. Durangon koherentzia mantentzea beharrezkoa dela uste du: "Inkoherentea izango litzateke udalak faxismoaren kontra borrokatu zirenen omenez eskultura bat ezartzen duen artean, beste eraikin batzuetan ikur frankistak ikusgai egotea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!