Durangoko Udalean, zinegotzien soldatak eta dietak argitaratzea erabaki dute

Anboto 2014ko api. 30a, 13:12
Politikariek eta alderdiek zenbat kobratzen duten jakin ahalko dute herritarrek, eta elkarteek eta enpresek udalarengandik zenbat jasotzen duten ere bai

Hemendik aurrera durangar guztiek jakin ahal izango dute zenbat kobratzen duten alkateak, zinegotziek eta alderdi politikoek. Izan ere, jasotzen dituzten soldatak eta dietak argitaratzea erabaki zuten martitzeneko udalbatzarrean. Horretaz gainera, herriko elkarteek eta enpresek udalarengandik jasotzen dituzten ekarpenak ere publiko egingo dira.


Gaia Bilduk eta Aralarrek eroan zuten batzarrera. Baina euren proposamena politikarien atala bakarrik publikatzea zen. “Herritarrei informazioa zor diegu”, esan zuen Eider Uribek (Bildu). Hori barik, PSE-EEk aurkeztutako mozio alternatiboa onartu zen EAJren babesagaz. Dani Maeztuk (Aralar) nahasmena sortu gura izatea leporatu zion PSE-EEri, baina Pilar Riosek (PSE-EE) ezeztatu egin zuen hori. Bere ustez, gardentasun handiagoagaz konfiantza eragin beharko litzateke. Maezturen iritziz, ezin dira alderatu behargin baten eta kargudun baten soldatak. Goiztidi Diazek (EAJ) gogoratu zuen Durango Eudel udalen sarean dagoela, eta EAJk gardentasunaren alde bozkatuko zuela. Juan José Gastañazatorreren (PP) arabera, gardentasuna era orokor batean landuko duen egitasmo bat behar da.


Soldaten filtrazioa
Duela aste batzuk politikarien soldatak filtratu zituen hedabide batek. Bertan esaten zen Bildu eta Aralar zirela gehien kobratzen zutenak. Hori gezurtatu eta haserrea agertu zuten talde biek. “Ematen diren datuak, behintzat, onak izan daitezela”, esan zuen Uribek. Maeztuk jarraitu zuen EAJko gobernu taldeari zuzenduta: “Ezin dena onartu da etxe honetatik desinformazioa zabaltzea maltzurkeriagaz”. Adierazi zuen bere alderdikide Iker Urkizak ez daroatzala zazpi urte liberatuta, hiru baizik, eta kobratu duen dirua ez dela 37.000 euro, 33.000 baizik. “Liberazioaren alde gaude, baina argi daukagu kantitateak larregi direla. Horregatik ez dugu hartu liberazio osorik”.  


Jarraian, alderdiek 2013an soldatekin, dietekin eta ekarpenekin jasotako zenbatekoa bota zuen Maeztuk. Bere hitzetan, EAJk 251.000 jaso zuen, Bilduk 15.000 (ez zeukan liberaturik orain arte), PSE-EEk 83.000, PPk 64.000 eta Aralarrek 47.000.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!