Kepa Amantegi, auto gidaria: "Managerrak esaten dit pozoia eta gaitasunak ikusten dizkidala"

Anboto 2014ko api. 24a, 09:26
Maiatzean Montmeloko zirkuituan debuta egingo du Kepa Amantegi 15 urteko pilotu durangarrak: "Gazteena izango naiz, eta, beharbada, bakarra 18 urte baino gutxiagorekin”

 

Klasetik irten eta bizikletaz airean etorri da elkarrizketara Kepa Amantegi. Abiadurazalea da txikitatik. 15 urte baino ez eta auto lasterketetako gidari izateko prestatzen dabil. Autoa egokitu, entrenatu... Maiatzean egingo du debuta Bartzelonan.

Montmelon egingo duzu debuta maiatzaren 23an. Zer txapelketa izango da?
Espainiako Erresistentzia Kopan hasiko gara. 1 Formularen antzekoa da: zirkuituan, baina autoekin. Ordu biko proba da. Ondo egiten saiatuko gara. Kataluniakoa 1 Formulako zirkuitua da berez.

Data arraroa da denboraldiari ekiteko. Zergatik?
16 urtegaz hasi ahal dugu lehiatzen, eta maiatzaren 12an egiten ditut urteak. Lehen proba izango da, eta bost dira guztira. Motorlanden, Xerezen, Chesten eta Jaraman izango dira besteak.

Prozesu honek ardurak hartzen ere lagunduko dizu.
Aitak esan zidan bizitzarako lagungarri izan daitekeela, ez bakarrik kotxeen arlorako. Carlos Dorado managerrak asko laguntzen dit. Beragaz babesleak topatzera joaten naiz.

Erresistentzia lasterketa da; aipatu duzunaren arabera ordu bikoa.
Montmelon bakarrik da ordu bikoa. Besteetan 50 minutuko bi lasterketa dira. Askok pilotu bigaz egiten dute; ni, nahiz eta nekatu eta astiroago joan, bakarrik joango naiz, ahalik eta kilometro gehien egiteko. Gazteena izango naiz, eta, beharbada, hemezortzi urte baino gutxiago dauzkan bakarra. Ordu bi direnez, atzetik pasatzen etorriko dira. Ea arin doan baten atzetik 400 bat metro egin eta bihurguneren batean ikasten dudan beregandik zer egiten duen nik baino hobeto.

Autoak zer berezitasun dauka?
Renault Clio bat da, kalekoen modukoa. Motorra berdina da, baina martxen kaxa ez da H estilokoa, sekuentziala da. Kentzeko aurrera eta sartzeko atzera. Bizkorragoa da, 1 Formulakoen modukoa, baina palankagaz. Gero, beste gauza batzuk badauzka: iraultzea saihesteko barrak, adibidez.

Autoa erabiltzeko aukera gutxi edukita, baduzu ikasteko beste modurik?
Ordenagailuan askotan ikusten ditut pilotu onenen onboard-ak [bideoak]. Montmelokoak, adibidez. Nondik joaten diren, zer trazadura egiten duten, zer martxetan joaten diren... Hori guztia ikasteko.

Ikastea duzu helburu. Hurrengo urteei begira zer?
Autoaren lehengo jabea kartingetik zetorren. Ni ere ibili naiz kart ibilgailuetan, baina ez konpetitzen. Galiziako txapelduna zen. Hemezortzi urtera arte zirkuituan egon zen lehiatzen, eta gero Espainiako Rally Txapelketara joan zen. Nire ideia hori da. Bera lehenengo urtean ikastera joan zen, bigarrenean bosgarren-
seigarren egiten saiatzera, eta gero Espainiako Txapelketara.

Zelako pilotua zara?
Ez dakit. Managerrak esaten dit  pozoia eta gaitasunak ikusten dizkidala. Hori landu behar dela esan dit. Lehiatzen hastean, ez desanimatzeko esan dit, gaztea naizelako eta urteak dauzkadalako aurretik.

Noiz eta zelan zaletu zinen automobilismora?
Santi Artetxe pilotu durangarra nire aitaren laguna da. Txikitan beragaz Euskadiko Txapelketako rallyetara joaten ginen. Ni, sei urtegaz, autoekin haluzinatuta nengoen. Gero aitak kart bat erosi zidan. Astebururo ibiltzen ginen; Euskal Herriko zirkuitu guztiak egin ditugu. Baina inoiz ez dut lehiaketetan parte hartu. Mañariko harrobietan ere ibili izan gara. Egun batean Carlosek nire aitari esan zion animatzeko, eta hortik dator dena.

Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?
Ni beti izan naiz Schumacherren aldekoa, eta motoetan Rossiren jarraitzaile itzela naiz. Baina motoak ez zaizkit gustatzen, arriskutsuak iruditzen zaizkit-eta. Bestela, gaur egun, Roberto Blach da nire erreferentea.

Igor Urien abadiñar gaztea ere maila onean dabil F3n.
Nire ustez, pilotu oso ona da, eta espero dut urrun heltzea. Horrela, Euskal Herriko maila goian ipiniko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!