Martitzenean inauguratuko dute Museoko areto berria

Anboto 2014ko api. 11a, 14:16
Durangoko Arte eta Historia Museoko areto nagusiaren ondoan atondu dute berria. 'Durangoko bi Andra Maria' erakusketa zabalduko dute datorren martitzenean, areto berri hori inauguratzeko.

 

Santa Ana plazako arkuko XVI. mendeko zurezko ama birgina, eta Tabirako San Pedro inguruko landan zegoen XIV. mendeko harrizkoa ipiniko dituzte, apirilaren 15etik aurrera, areto berrian ikusgai.

Joseba Aizpurua Durangoko Museoko arduradunaren berbetan, "orain arte museoko biltegian gordeta zeuden Andra Marien figura originalak ikusi ahal izatea aukera paregabea da". Erakusketan, piezen historia ere azalduko dute, gainera. Izan ere, mendeetan gorabehera asko igaro dituzte Andra Mariaren figura bi horiek: gaur egun Santa Anan eta Tabiran daudenak hauen erreplikak dira.

Jon Kepa Garro zinegotziak aurkezpenean esan duenez, Durangoko Arte eta Historia Museoari "dinamismoa" emateko baliatuko dute areto berria: izan liteke artista baten lanaren ikuspegi zabalagoa emateko, edota aldi berean erakusketa bi erakutsi ahal izateko. Aizpuruak gehitu duenez, "erabilera anitzekoa" izango da espazio berri hori.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!