Indarkeria matxistaren aurrean komunikatzen

Anboto 2014ko api. 10a, 14:07
EUDELek sustatuta indarkeria matxistaren aurrean zelan komunikatu aztergai izan dute 35 bat udal ordezkarik, Durangon.

Indarkeria kasu bat gertatzean, biktimagaz eta prentsagaz hartu-emana eduki behar izaten dute udal ordezkariek, eta gai delikatua izanda, sarritan ez dira eroso sentitzen. Horregatik, udalen arteko EUDEL erakundeak tailer bat antolatu du, une horietan garatu beharreko komunikazioa ikasteko. Lau oinarri zeuzkan tailerrak: zer mezu landu, zelako adierazpenak egin, zelako tratua eduki biktimagaz eta emakume elkarteekin izan beharreko hartu-emana. Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak parte hartu du tailerrean.

EUDELeko berdintasun ataleko ordezkariak, Ibon Uribe Galdakaoko alkateak, zabaldu du jardunaldia. Indarkeria kasu bat gertatzean bizi dituzten sentsazioez berba egin du: "Ez da batere erraza. Pentsatu mikrofonoak ipintzen dizkizutela, erantzun behar duzula, eta badakizu gai konplikatua dela". Kontzeptu ugari erabiltzen dira gai honen bueltan, eta askotan horrek ulertzeko zailtasunak ere edukitzen dituztela aitortu du.

Uriberen arabera, EAEn berdintasun politika sendoa dago, eta ildo horretan jarraitu gura dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!