Gaurtik aurrera eskuratu daitezke Durangoko Pasiñoa ikusteko sarrerak

Anboto 2014ko api. 10a, 10:05
Kurutzesantu museoan egin zuten atzo, Durangoko Pasiñoaren XXI. edizioaren aurkezpen ekitaldia.

 

Durangoko Pasiñoaren XXI. edizioko antzezpena egingo dute apirilaren 16an, 17an eta 18an, 21:00etan hasita, Santa Ana plazan. Kurutzesantu Museoan aurkeztu zuten, atzo, Aitziber Irigoras Durangoko alkateak, Xabier Arana ekitaldia antolatzen duen Juan de Iciar kultur elkarteko lehendakariak, eta aurtengo antzezpenean parte hartuko duten hiru durangarrek: Jesusen papera egingo duen Egoitz Iraurgik eta Mariarena egingo duen Ima Asategik, eta Txema Asategi antzezpenaren zuzendariak.

Xabier Aranak azaldu duenez, ehundik gora lagunek hartuko dute parte Durangoko Pasiñoaren aurtengo antzezpenean, eta 45.000 euroko aurrekontuagaz antolatu dute.

Aitziber Irigoras alkateak “eskerrik asko erraldoi” bat agertu zien Kurutzesantuko aurkezpenera batu ziren parte-hartzaileei: eskerrak eman zizkien, “batetik, Durangoren izena kanpora ateratzen dutelako, eta bisitariak erakarri; eta, bestetik, gaur egun ezohikoa den arren, lana debalde eta motibazio itzelagaz egiten” dutelako.

Bi ordu eta erdiko antzezpena eskainiko dute datorren asteko hiru egunetan, azken aldian emanaldiaren zuzendaritza lana egin barik zeukan, eta azken urteetan Juan de Iciar kultur elkartearen lehendakaria izan den Asategiren gidaritzagaz.


Gaurtik aurrera Santa Anako El Arco tabernan daude antzezpenerako sarrerak salgai, 6 euroan. Ohi bezala, gainera, telefonoz erreserba egiteko aukera ere badago, 656 777 321 zenbakira deituta.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!