Txintxeta taldea: "Ilusio handiz idatzi dugu lan berriaren gidoia"

Anboto 2014ko api. 8a, 12:29
'Bodologuak' ikuskizuna berrituta, 'Potologuak' bakarrizketa saioa prestatu du Txintxeta taldeak. Zapatuan 21:00etan Plateruenan izango dira Nagore Aranburu, Mikel Pagadi eta Egoitz Lasa. Pagadik erantzun ditu galderok.

‘Bodologuak’ ikuskizuna, “mejoratuta” dakarzuela diozue. Zer zentzutan da hobea ‘Potologoak’ berri hau?
Hasteko, gu geu gatoz mejoratuta: kilo batzuk gehiagorekin. Gidoia ere mejoratu dugu; ilusio handiarekin idatzi dugu lan berriaren gidoia, eta ilusio beragaz antzeztuko dugu.

‘Bodologoak’ hura ikusi zuenak zer berri topatuko du bihar Durangon aurkeztuko duzuen ikuskizun honetan?
Estilo berdinean jarraitzen dugu, baina dena da berria. Lehen Bodologoak ikusi zuenak ondo pasatuko du eta ikusi ez zuenak ere bai. Ez da lehenengoa ikusi behar hau ikusteko, independienteak dira nahiz eta estilo berdineko ikuskizunak izan.

Geure buruaz barre egitea da ikuskizunaren ardatza?
Bai noski! Ikusleek esaten dutenez asko identifikatzen dira guk kontatzen ditugun gauzekin, eta barre egiten dute. Gainera, beste estra bat ere badago ikuskizunean: Pagadik tarteka estropozu egin dezake eta horrekin ere barre egin dezake ikusleak.

“Zer premio nobelek asmatu zuen komuneko eskobilla?” moduko galderak egiten dituzue bakarrizketan. Erantzunik ematen al duzue, baina?
Ezinbesteko galdera asko planteatzen ditugu, bai. Eskobillarena, esaterako, edo nola bihurtzen den pertsona bat “ama”, zer zentzu duten tabernetako komunetako marrazkiek, zer zazpi plaga dauden Euskal Herrian eta beste hainbat. Erantzunak, zuzen-zuzenean emango ditugu, larunbatean, Plateruenean.

Txintxeta taldeako hiru kideek, bakoitzak zuen umore “estilo” propioa daukazue? Zer ezaugarri du bakoitzarenak?
Hiru ikuspuntu desberdin dauzkagu zelanbait, bai, eta oso ondo konektatzen dutenak, gainera: Nagorek badu berea, zorrotza eta fina; Egoitzek ikuspuntu zabalagoa du, duen altuerarengatik batipat; eta Pagadiren ikuspuntua daramatzan betaurreko horiek distorsionatzen dute.

Entzuleengan ere erreakzio ezberdina eragiten duzue zuetariko bakoitzak?
Bai, batzuk gauza batzuekin identifikatzen dira eta beste batzuk besteekin. Baina denek dute aukera batekin edo bestearekin erreakzionatzeko. Publiko zabalari dago zuzendua bakarrizketa ikuskizun hau.

Zer harrera egin dizue jendeak orain arteko emanaldietan?
Aurreko ikuskizunean bezala, oso gustora gaude jendeak zelan hartzen gaituen ikusita. Harrera paregabea izan dute Potologuek eta pozik egoteko modukoa da hori. Diotenez motz egiten da eta emanaldia, eta oso ondo pasatzen omen dute. Gure senitarteko ez direnek ere bai!

Sarreragaz, kafetxoa opari jasoko dute bertaratzen direnek, Baqueren kortesiaz. Zer beste arrazoigatik joan behar luke jendeak zuek entzutera?
Gure ustez momentu oso ona pasako dutelako: barre egingo dutelako, eta kafe ostean beste zeozer ere hartzea badutelako Plateruena bezalako toki bikain eta elegantean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!