LOMCE legearen aurkako arrazoiek elkartuta

Anboto 2014ko api. 4a, 09:00
Durangon, bost ikastetxetako kideak batzartzen hasi dira LOMCE legeari erantzuna eman guran: Kurutziaga, Ibaizabal, Fray Juan de Zumarraga, Landako eta Zabalarra eskolako irakasle bana elkartu dira erreportajerako.

Espainiako Gobernuak hezkuntzarako egindako LOMCE legea abenduan onartu zuten PPren aldeko botoekin, eta datorren ikasturtean aplikatu gura dute. Baina gero eta aurkari gehiago dauzka. Joan zen astean Ikasle Abertzaleek deitutako greban makina bat gazte mobilizatu ziren –Durangon ia erabatekoa izan zen greba–, eta irakasle eta gurasoek ere egin zuten protesta zenbait lekutan, deialdia aprobetxatuta. Hori gertatu zen Durangoko Kurutziagan, Ibaizabalen, Fray Juan de Zumarraga institutuan, Landakon eta Zabalarran. Izan ere, ikastetxeotako kontseiluetan LOMCE legea aztertu dute, eta ez daude ados legearekin. Zentro horietako kideak batzartzen hasi dira ideiak trukatu, eta erantzuna bateratzeko asmoz. Bost irakaslek eman dituzte arrazoiak.


 “Nik uste dut askoz indar handiagoa hartzen dela erabakiak herri moduan hartzen direnean”, adierazi du Ibaizabal ikastolako Ane Solagaistuak. Legea interpretatu, sintesiak egin... Elkartuta dabiltza beharrean, datorrenari aurre egiteko. Landako eskolako Rosa Mintegik legearen karga ideologikoaz ohartarazi du: “Lege hau PPk bakarrik egin du, inogaz kontatu barik; zer ote dator? Ideologia bakar batek ezin du hezkuntza sistema bat antolatu”. Kurutziagako Karmele Arrutiri lehenagoko sentsazioak dakarzkio legeak: “Berriro bueltatuko gara ikasle garaian eduki nuen eskola motara: lehiakorra, erlijiosoa eta autoritarioa. Adjektibo ezkor horiek guztiak etortzen zaizkit burura”. Zentralizatzailea dela, eta euskara eta euskal curriculuma baztertzen dituela dio. Solagaistuak jarraitu dio: “Euskara guztiz hirugarren maila batean uzten duen erreforma da, eta gure identitatearen kontra jotzen du zuzenean”.


Ikasgaiak garrantziaren arabera hiru mailatan banatzen ditu legeak, eta euskara hirugarrenean dago. D ereduan euskaraz emango lirateke enborreko ikasgaiak, baina gaztelaniari garrantzia ematea proposatzen da. Horren ondorioez hausnartu du Zabalarra eskolako Izaskun Duñabeitiak: “Guk badakigu zenbat ikastordu eta zenbat baliabide dauzkagun. Bati itzelezko garrantzia eman behar bazaio, beste batzuei kendu behar zaie”. Egoera horretan A eredua indartuko dela uste du Arrutik.


Doktrinamendua
Fray Juan de Zumarraga institutuko Javi Iraetaren ustez, doktrinamenduan ere eragin gura dute legeagaz. Lehen eta bigarren hezkuntzara errebalidak bueltatuko dira: iragazkia egiteko azterketak. “Horiek gainditzeko enborreko gai batzuk ikasi behar dituzu, eta %100ean Madrilek jartzen ditu”. Ikasgai guztien %50 dira enborrekoak. Mintegiren arabera, berdintasunagaz lotutako hainbat gai curriculumetik kanpo geratuko dira, “eta gehitu dituzte konstituzioa, erregeak, erakundeak, bandera eta gizartea”.  


Gainera, errebalidek ikasleak sailkatu edo bereiziko dituztela dio Arrutik. Adibide lez dio DBHko 3. mailan egingo dela bat, eta Batxilergorako kapaz ikusten ez dituztenak profesio baterako prestatzen hasiko direla 4. mailan.


Europatik kanpo
Europan gaitasunen inguruko hezkuntza garatzen dabiltzala azaldu dute, eta LOMCEk edukietan oinarritu gura duela. “Ez dira prozesuak ebaluatzen, emaitzak baizik”, esan du Mintegik. Horren atzean gazteak profesio batzuetara bideratu gura izatea dagoela uste dute.


Lan egiteko moduan ere igarriko dute aldaketa ikastetxeek. Izan ere, guraso, irakasle eta zuzendaritza batzen dituzten eskoletako kontseiluak aholku organo hutsak izango dira, eta egun erabakitzaile dira. Zuzendaria gobernuak berak aukeratuko du, eta kritikoen iritziz kontrola handituko du horrela.


Frankismoaren ostean egiten den zazpigarren legea da LOMCE, eta aldaketa horiek ezegonkortasuna ekarriko dutela uste dute bost irakasleek. Baina ez dute etsi gura. Interesa edo kezka eduki ahal duten gainerako irakasle, ikasle eta herritarrak indarrak batzera gonbidatu dituzte. “Lege honi amen egin barik, ea denon artean antolatzen dugun erantzun posible bat”, esan du Duñabeitiak. Legeak lege, hezkuntzarako bide propio bat, “gurea”, lantzen hasteko beharra ikusten dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!