Egunean arte produkziorako fabrika bat zabalik, Zilar Astean, Durangon

Anboto 2014ko api. 3a, 10:47
Apirilaren 7tik 12ra, euren lan jarduna erakutsiko dute sortzaileek, urte osoan euren fabrika diren Durangoko San Agustin kulturgunean, Plateruenean, Arte eta Historia Museoan, Udal Liburutegian, musika eskolan eta Sapuetxe gaztetxean.

 

Arte sorkuntzaren azken emaitza, hau da, amaitutzat emandako artelana edo ikuskizuna kontenplatzera baino, sortzaile legez jarduteko gonbita luzatuko du 2014ko Zilar Asteak. Durangon diziplina guztietako arteen sorgune diren lantegietako ateak zabalduko dituzte Plateruenaren bueltan elkartutako Durangoko herri kulturgintzako eragileek, egitaraua osatzeko artea gaitzat hartuta.

Sorkuntza prozesuak erakustea izan da aurtengo apustua, eta askotariko ikastaroak eta tailerrak eskainiko dituzte antolatzaileek helburu horregaz. Kalea ere hartuko du, gainera, Zilar Asteak: apirilaren 10ean, Alde Zaharrean eskainiko dute Hanka baltzon artea ikuskizuna.


Askotariko arte adierazpideak izango dira Durangoko aste tematikoko protagonistak: antzerkia, arte plastikoa, argazkigintza, literatura eta musika, esaterako;  2010eko lehenengo ediziotik egin den bezala, herriak herriari eskainiak.

 

"Sorkuntzaren magia jendeagaz partekatu gura dugu"

Antzerki jolaserako espazio bilakatuko du Karrika taldeak, apirilaren 7an, Durangoko San Agustin kulturgunea; tailerra eskainiko dute Zilar Astean.

Zer pentsatu duzue aurtengo Zilar Asterako?

Eneko Sagardoi: Aurreko urteetakoekin alderatuta, bestelakoa da aurtengo planteamendua: egun bakoitzean sormen fabrika batek hartuko du protagonismoa. Guk San Agustin, gure etxea, bihurtuko dugu lantegi, jendeari antzerki sorkuntzaren lantegia erakusteko. Uste dugu badagoela beharrizana jendea antzerkiaren parte sentiarazteko, eta ideia horretatik atera da tailer hau egiteko gogoa. Argazki erakusketa txiki bat eta tailerra egingo ditugu.

Ion Gorroño eta Eneko Sagardoi (Karrika)

Jon Gorroño: Tailerragaz nahi duguna da jendeak bere azalean bizi dezala antzerkia zer den.  
Beste urte batzuetan, prozesua barik, emaitza, obra bat, erakutsi izan du Karrikak Zilar Astean.

E.S.: Bai, horrela izan da. Iaz Inungane estreinatu genuen Zilar Astean, eta oraindik ere martxan dago. Oso oparoa izaten da beti Zilar Asterako egiten dugun ekarpena. Baina ikuslea hartzaile bakarrik baino, eragile aktibo izatea gura dugu. Hori da aurtengo Zilar Astearen ildoa. Batetik, lantegian egindako piezak erakutsiko ditugu; taldearen historiako obren argazkiekin transmitituko dugu hori. Bestetik, lantegian martxan dagoen katea ere erakutsiko dugu. Publikoa kate-lan horren parte izan ahalko da.

J.G.: Martxan dagoen fabrika bat izango da San Agustin. Ametsen faktoria izendatu dugu ekimena, sorkuntza eta bere sua sentiarazi gura dugulako.

E.S.: Asko poztu nau Zilar Asteko gaia artea izateak. Arte guztiekin gertatzen da jendeak oskola bakarrik ikusten duela: dela antzerki obra, dela amaituriko koadroa, edo dela beste edozer. Oskol hori apurtzea, eta azpialdean dagoena ikusten uztea oso interesgarria da.

Zelakoa izango da tailerra?
E.S.: Katxik, Nonak, Txotxek eta neuk gidatuko dugu tailerra. Bakoitzak gure antzerki ibilbidetik gehitu ditugu tailerrerako ariketak. Jolas horiei forma emanda garatuko dugu tailerra.

J.G.: Sorkuntzaren magia partekatu gura dugu jendeagaz, eta esperientzia hori euren azalean bizitzera bultzatu.

Karrika taldean praktikatzen dituzue horrelako ariketak?
E.S.: Bai, izan ere, antzerki eskola da Karrikaren jatorria: antzerki jolasa... Azkenaldian, hainbeste obragaz jolaserako tarte hori galdu egin dugu hein batean. Horregatik, geu ere emozionatuta gaude hori berreskuratzeko. Lagunen batek urtero esaten du Karrikan hasi nahi duela, baina hainbeste proiektu dauzkagunez martxan, zaila da kide berriak hartzeko une egokia bilatzea. Zilar Asteko hau izan daiteke antzerkiarekiko jakin-mina duen jende hori hartzeko unea.

Ez da behar ezelako esperientziarik parte hartzeko?
J.G.: Karrika taldea anitza da zentzu guztietan, eta tailer honetan ere ahalik eta jende gehien batzea gura dugu, energia eta mugimendu gehiago sortzeko.

Erakusketan zer egongo da?
J.G.: 1998. urtean Karrika sortu zenetik egindako hogei lanen argazkiak batuko ditugu erakusketan; kamera analogikoagaz egindakoak, taldearen hasieran egindakoak eta Txelu Angoitia argazkilariarenak erakutsiko ditugu formatu handian.

 

EGITARAUA:

Apirilaren 7an, San Agustin kulturgunean

Arte eszenikoen fabrika
· Ametsen faktoria argazki erakusketa, 12:00-14:00/16:00-20:00
· Espazioa, erritmoa, espresioa tailerra, 18:30-20:30

Apirilaren 8an, Arte eta Historia Museoan

Arte plastikoen fabrika
· Arte sormena zuzenean, 16:00etan
· Durangaldeko arteaz hausnartzen mahai ingurua, Mikel Onandiagaz

Apirilaren 9an, Udal Liburutegian, eta Hitz eta Urrike liburu dendetan

Literatura fabrika
· Literatura ere artea da erakusketa
· Literartetrukea

Apirilaren 10ean, Alde Zaharrean

Zilarginon fabrika, Plateruenean
· Arte ttipi tailerrak, 10:00-12:00
· Artea gastronomian, 13:00etan
Kale lantegia
· Hanka baltzon artea, 19:00etan

Apirilaren 11n, Bartolome Ertzilla musika eskolan

Musikaren fabrika
· Birziklapenaz doinua tailerra

Apirilaren 12an, Sapuetxe gaztetxean

Argazki fabrika
· Zaloa Fuertesen ‘Egun bat, argazki bat’ erakusketa, 12:00-14:00/18:00-20:00
· Zure begirada da! ikastaroa, Zaloa Fuertes gidari, 18:00-20:00

Literatura fabrika, Udal Liburutegia
· Abangoardiak euskal literaturan tailerra, Iñigo Aranbarri idazleagaz

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!