'Zaping' lehiaketako irabazlea

Anboto 2014ko mar. 31a, 11:56
Zapaburu konpartsak antolatutako lehenengo film laburren lehiaketan hamabi taldek parte hartu dute. Amaia Zaitegi, Pello Baños, Jon Aramendi eta Eloi Landiak osatutako taldeak irabazi du.

 

Ideia asmatu, gidoia landu, kameragaz grabatu... Zinegile ibili dira asteburuan hainbat gazte, Zapaburu konpartsak antolatutako 'Zaping' film laburren lehiaketan. Hamabi taldek eman zuten izena zapatu eguerdian, eta lehian hamar sartu ziren. izan ere, lan bat arazo teknikoengatik alboratu zuten, eta beste bat denboraz kanpo ekarri zuten. Domekan 15:00etan amaitzen zen epea. 'Argia' izan zen filmak egiteko gaia.

Gero, 17:30ean, lanen proiekzioa egin zuten Fray Juan Zumarraga institutuko aretoan. Jende ugari batu zen zuzenean lanak ikusteko. Deneriko filmak ikusi ahal izan ziren: umorezkoak, metaforikoak, kontzeptualak... Bakoitzaren gaitasunetik sortuta, film ederrak ikusteko aukera egon zen. Amaia Zaitegi, Pello Baños, Jon Aramendi eta Eloi Landia izan ziren garaile, idazle baten sorkuntza prozesuko gorabeherak islatuz. Besteak beste, gaia ondo lotzeagatik eta irudi kalitate bikaina erakusteagatik eman zien lehenengo saria epaimahaiak. 

Hori guztia, lagunartean. Aisialdirako alternatibak eskaintzea eta gazteen arteko hartu-emanak indartzea dira Zapaburu konpartsaren helburuak. Ekimenagaz, bakoitzak bere aisialdirako ekintzak garatu ditzakeela erakutsi gura izan dute baita ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!