Klown kode teatrala ezagutzeko ikastaro eta emanaldien aukera: Topaklown 2014

Anboto 2014ko mar. 28a, 11:00
Antzerkiko klown teknikan sakontzeko interesa dutenentzako formakuntza ikastaroak, eta kalitate handiko antzerki emanaldiak eskainiko ditu, apirilaren 17tik 20ra, Topaklownek, Durangon.

 

Gorka Ganso Durangoko topaketaren zuzendariak, ekimenaren barruko ikastaro batean egoera komikoak sortzeko baliabide korporalak irakatsiko dituen Pablo Ibarluzea aktoreak, Mari Jose Balier zinegotziak eta Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko arduradunak aurkeztu zuten atzo, Topaklown ekimenaren bigarren ediziorako prestaturiko egitaraua. Bizitzari beste perspektiba batetik begiratzeko gonbitea da Topaklown; publiko orokorrarentzako zein sortzaileentzako ere antzerkiko kode teatral horretara geturatzeko proposamen erakargarriak dakartza.

Mari Jose Balier zinegotziak aurkezpenean azpimarratu zuenez, Aste Santuko "jaiegunetan herrian geratzen direnentzat zein Durangora datozen bisitarientzat ere", apirilaren 17tik eta 20rako plan interesgarria dakar Topaklownek.

Antzerkilarientzako, antzerkizaleentzako zein klown teknikan sakontzeko interesa duen edozeinentzako formakuntza ikastaroak eskaintzen ditu, batetik, Topaklownek. Arlo horretako atzerriko eta Euskal Herriko maila handiko profesionalek emango dituzte Durangoko zortzi ikastaro horik. Besteak beste, El placer del juego ikastaroa emango du Marcelo Katz pedagogo eta clown argentinarrak; Curso de imbecilidad eskainiko du Pep Vila kataluniarrak; Christian Atanasiuk Excéntricos, chiflados y humor absurdo; eta Aquí y ahora izeneko ikastaroa Lila Monti argentinarrak.

 

Plazak beteta ia: eskari handia
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, oso arin bete dira ikastaro horietarako plazak; iaz 70 ikaslek hartu zuten ikastaroetan, eta aurten, dagoeneko 80 lagunek eman dute izena. Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko arduradunak azaldu duenez, baina, ikastaroetako bitan izena emateko aukera badago oraindik, eta entzule bezala joan nahi duena ere sasoiz dabil.

Aurten Landako kirolgunean burutuko dituzte Topaklown-eko ikastaroaren saioak. Nobedade bezala, hitzaldi bat ere badakar aurtengo programazioak, apirilaren 17rako: Paco Pacolmo artistak El clown, una historia de cine izenburuko berbaldia eskainiko du.

 

Klownaren erreferenteen emanaldiak
Zortzi ikastaroez gainera, zortzi antzerki emanaldi ere eskainiko dituzte apirilaren 17tik 20ra, Durangoko San Agustin kulturgunean. Erdiak doakoak izango dira, eta kulturgunearen sarreran egingo dituzte; eta 8 euroko sarrera izango dute areto barruko emanaldiek. Antzoki barruko ikuskizun horietara joateko 16 euroko bonua eskuratzeko aukera ere eskainiko dute.

Besteak beste, Marcelo Katz artista argentinarraren lan berria ikusteko aukera izango da, Topaklown-en: Buenos Airesen harrera beroa egin diote Katzen ikuskizun horri, eta Parisen eta Durangon bakarrik ikusi ahalko da Top, top, top Europan. Ekimena antolatzen duen Gorka Gansoren Ganso&Cia taldeak (San Agustingo konpainia egoiliarrak), Walkman lanaren aurrestreinaldia egingo du, Durangoko Musika eskolako lorategian.

Iaz arrakasta handia izan zuen ekimena "egonkortzea" da, Gorka Ganso zuzendariak azpimarratu duenez, Topaklown-en bigarren edizio honen helburua. Aurkezpenean esan zutenez, "harrigarria" izan zen publikoak zein sortzaileek iaz jaialdiari egin zioten harrera, eta horrek erakusten du "badagoela eskari bat, eta hutsune bat, Topaklown-ek betetzen duena".

Durangoko II. Topaklown ekimenaren egitarau osoa: http://topaklowna.blogspot.com.es/





ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!