Durango-Gasteiz autobus linea

Durango-Gasteiz autobusaren kontratazioari alegazioak batzordean landuko dituzte

Anboto 2014ko mar. 19a, 12:47
Hasi da Durango-Gasteiz lineako kontratazio berriko pleguei alegazioak aurkezteko epea. Alegazio horiek beste udalekin batera aurkeztu edo ez eztabaidatu dute Durangoko osoko bilkuran. Bilduk eta Aralarrek horren alde egin dute, EAJ eta PSE-EEk alegazio propioak landu gura dituzte.

 

Orain momentuan autobus zerbitzuko kontratuan enpresak "gura duena egiteko" aukera daukala salatu dute Bilduk eta Aralarrek, eta alegazioak aurkezterakoan ibilbidean dauden beste udalekin batera elkarlanean ibiltzeko aukeraren alde egin dute. Mozio baten bidez eroan dute gaia osoko bilkurara: Udalak alegazioak aurkezteko eta Bizkaiko foru aldundiari inplikazio handiagoa eskatzeko sartu dute mozioa.

Arabako Foru Aldundiak autobus linearen lizitazio prozesua martxan ipini duela, eta oinarrietan "atzerapausuak" daudela adierazi dute Aralar eta Bilduko zinegotziek. Beste alderdiek ere hobekuntzen premia ikusten dute, baina alegazioak lantzeko moduan desadostasunak egon dira.

Mozioan, EHBilduko kideek alegazioak bi puntutan egitea proposatu dute: Batetik, autobus zerbitzuaren kontratuan foru aldundiak eskuhartze gehiago izatea eskatzeko, eta bestetik, ordutegien berrazterketa bat egitea, eta horiek plegutean ezartzea.

 

Batzordeetan lantzeko premia

EH Bilduko bi alderdiek gobernu taldea nahiko inplikatu ez dela kritikatu dute osoko bilkuran. Aitzber Irigoras alkateak horren kontra egin du, eta Arabako diputatu nagusiagaz izandako batzarrak gogoratu ditu. Zerbitzuaren eskumena "tamalez" udalarena barik Arabako Foru Aldundiarena dela esan du, eta alegazioei buruz, zera azaldu du: "Alegazioak egin behar dira durangar asko erabiltzaile direlako eta euren interesak babestu behar ditugulako, baina alegazioak ez dira bat-batean asmatzen. Batzordeetan eztabaidatu behar dira". Ibibideko beste udal arduradunekin batera prentsaurreko bat emateko proposamena jaso du alkateak, baina ezetz erantzun die. "Instituzio moduan jokatuko dugu, instituzioen tresnekin eta batzordetan alegazioak landuta".

PSE-EEk, bere aldetik, EH Bilduko alegazioari testu alternatibo bat aurkeztu dio. Azkenean, EAJk ere mozio hori babestu du. Testuan azaldu dutenez, udalak konpromisoa hartzen du autobus zerbitzuaren lizitazioari alegazioak aurkezteko. Arabako eta Bizkaiko foru aldundiei elkarlan instituzional baterako formula bat planteatu dezatela ere eskatu dute mozioan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!