Durango-Gasteiz autobus linea

Durangotik Gasteizerako linea hobetzeko eskaera indartzen dabil

Anboto 2014ko ots. 20a, 10:01
EAJren ekimenez, Arabako Batzar Nagusiek zerbitzua orain hobetzea eskatu diote aldundiari, 2015eko esleipen aldaketara itxaron beharrean. Bildu, PSE-EE eta EBgaz adostu dute mozioa. Aitziber Irigoras alkateak eta Iker Oceja zinegotziak bertatik bertara jarraitu dute batzarra.

Arabako Batzar Nagusietan Durango-Gasteiz autobus linearen inguruko eztabaida eduki zuten atzo. Joan zen astean egoeraren berri emateko eskatu zion EAJko taldeak Alicia Ruiz de Infante garraio diputatuari, baina honek linea hobetzeko ezezkoa eman ostean, mozioa aurkeztu zuten jeltzaleek. Bildu, PSE-EE eta EBren adostasuna lortuta, zerbitzua hobetzeko neurriak hartzea eskatu diote Arabako Foru Aldundiari.

Erabiltzaile asko zerbitzuagatik kexatu ziren udalean, esanez autobusa sarritan matxuratzen dela, ez duela berogailu eta aire egokiturik, jarlekuak egoera oso txarrean daudela, sartu ezinik Durangon botata geratu izan direla... Eta horren ostean etorri da eztabaida politikoa. Linearen esleipena Alsa enpresarena da, eta 2015era arte luzatu zioten baimen hori. Diputatuak esan zuen esleipena aldatu arte ez dela hobekuntzarik gertatuko, baina oposizioa ez dago ados, eta neurriak orain hartzea gura dute. Gainera, aldundiari zerbitzua ikuskatzea eskatu diote, eta beharrezkoa bada esleipena bertan behera uztea.

Mozioagaz, Arabako eta Bizkaiko aldundiei herritarren beharrizanak betetzeko elkarlanerako formula bat topatzea eskatu diete. Izurtza, Mañaria eta Otxandioko herritarrek ere eskatu izan dute autobus zerbitzua hobetzea; adibidez, ordutegi zabalago bat edukitzea gura dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!