Durangoko udalbatzarrak ez du onartu 2020rako Ekintza Plana

Anboto 2013ko urr. 25a, 08:30
Gobernu taldeak publikoki aurkeztu zuen Ekintza Plana, baina martitzeneko udalbatzarrean onartu behar zen, balioa eduki zezan; gainerako alderdiek ez zuten proposamena babestu

Gobernu taldeak publikoki aurkeztu zuen Ekintza Plana, baina martitzeneko udalbatzarrean onartu behar zen, balioa eduki zezan; gainerako alderdiek ez zuten proposamena babestu.

 

Joan zen astean jendaurrean publikoki aurkeztu zuen gobernu taldeak 2020rako diseinatutako Agenda 21eko Ekintza Plana. Baina, oraindik onartu barik zegoen udalbatzarrean. Beraz, balio barik. Martitzenean ospatu zen Durangoko hileroko osoko bilkura, eta plana ez zen onartu. EAJ bakarrik geratu zen; Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek kontra bozkatu zuten, eta PP abstenitu egin zen. EAJk esan du Bilduren maniobra politikoa dela: “Kontrako boto honekin, Bilduk mespretxatu egin du urte eta erdian 240 herritarrek, 35 elkartek, 20 enpresak eta 20 teknikarik Ekintza Planari eskaini dioten denbora eta lanerako grina”.

 

\"\"Bost ardatzen arabera zehaztu zuten plana: ingurumenaren kalitatea hobetzea, gizarte inklusiboa lotzea, sare ekonomiko jasangarria, lurraldearen antolaketa jasangarria eta udal gestio berri bat garatzea. Guztira 114 ekintza zeuzkaten batuta. Esaterako, bidegorriaren sarea %30 handiagotzea. Ingurumenaren arloan beste helmuga batzuk ere ezarri zituzten: etxeko zaborren tasaren birziklapena %60ra heltzea eta energia berriztagarrien kuota %20koa izatea.

 

Bi izan ziren, batez ere, oposizioaren kritikak: partaidetza benetakoa ez izatea, eta ekintza eta aurrekontuen kalkulua erreala ez izatea.

 

Partaidetza ulertzeko moduak

Ekintza Plana partaidetzagaz landu dutela azaldu du EAJk. Partaidetza, “funtsezko zutoina” dela adierazi dute udal ordezkariek. Baina, Bilduk gezurretan ibiltzea leporatu zion EAJri: “240 lagunek parte hartu dutela ez da egia. Bertaratu garenok badakigu batzarretan hogeik baino gutxiagok parte hartu dutela”. Hiru batzar bakarrik egin direla eta ateratako ondorioak ez direla kontuan hartu esan zuen Bilduk. “Nahiago duzue datuak ezkutuan eduki, eta sasi -partaidetza bultzatu”. Jende gutxik parte hartu duela eta, hori ez dela benetako prozesu parte-hartzaile bat kritikatu zuen Aralarrek.

 

Bilduk eta Aralarrek herritar guztiekin prozesu bat garatzea eskatu zuten, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrizteko erabiltzea. Aralarrek eta PSE-EEk inbertsioak egiteko modua kritikatu zuten. Esan zutenez, Ekintza Planeko ekimen batzuek ez daukate zerikusirik Agenda 21 egitasmoagaz. Beraz, plan horretatik kanpo leudeke. Ekimen horiek, 22 milioiko aurrekontuaren erdia hartzen dutela ohartarazi zuen Aralarrek: sei milioi Urki-Hegoalde sahiesbidea egiteko, bost milioi merkataritzako mahaia sustatzeko eta milioi bat Berdintasun Plana garatzeko. PSE-EEk planaren epealdia murriztea proposatu zuen, eta partaidetza handitzea.

 

PP ere ez zen ados agertu: “Irrealismo politikoa da”. Ekintza batzuk udalaren eskumenetik kanpokoak direla adierazi zuen alderdi popularrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!