Landaederrako aterpea herritarrentzat zabalduko du udalak gutxi barru

Anboto 2013ko mai. 18a, 08:15
Hamabost lagunentzako lekua eta egonaldi laburrak egiteko ekipamendua edukiko ditu Landaederrako estalpeak: argindar elektrikoa, janaria berotzeko sukalde txiki bat eta ura

Hamabost lagunentzako lekua eta egonaldi laburrak egiteko ekipamendua edukiko ditu Landaederrako estalpeak: argindar elektrikoa, janaria berotzeko sukalde txiki bat eta ura.

 

Mugarraren magalean dagoen Landaederra ingurunea leku ezaguna da Durangon. Familia girorako aproposa, mendi ibilaldietarako atseden-gune, gazte taldeek ekintzak egiteko egokia... Bertan, egunpasak egiten dituzte askok; lasaitasun bila joaten dira beste hainbat. Bada, laster, gauak ere pasa ahal izango dira bertako aterpean. Izan ere, udalak obrak egin ditu lekua egokitzeko. Araudia ere zehaztu dute, eta hurrengo udalbatzarrean behin betiko onartzea itxaroten dute. Horrela bada, erabakia hartu eta gutxira egongo da erabilgarri aterpea. Egonaldi laburrak egiteko ekipamendua edukiko du: argindar elektrikoa, ur bero eta hotza –ez edangarria– eta janaria berotzeko sukalde txiki bat. Logelan, hamabost ohe daude.

 

Ander Gorrotxategi Gazteria arloko zinegotziak (EAJ) aurkeztu zuen egitasmoa azkeneko udalbatzarrean. Aho batez onartu zuten alderdi guztiek. Berez, aspaldiko ideia izan da, baina Gorrotxategik adierazi zuen argindarra 2010ean heldu zela bertara, eta gutxieneko baldintza batzuk izan arte ez zutela zabaldu gura.

 

Hamabost lagunentzako lekua

Hamabost lagunek lo egin ahal izango dute Landaederrako estalpean. Herritarrez gainera, hainbat elkarte eta erakundek izango dute berori erabiltzeko aukera. Baina, erreserbak egiteko lehentasunak ezarri dituzte, honela: udala –gazteria, kirol eta kultur jarduerak–, gazteei begirako taldeak, elkarteak, herritarrak eta gainerako herrietakoak. Eguneko eta pertsona bakoitzeko lau euro ordaindu beharko dituzte Durangon erroldatuek, eta 5,20 kanpokoek. Araudiaren arabera, zazpi eta hamabost pertsona bitarteko erreserbak egin ahal izango dira; zazpi baino gutxiago izanda ere, zazpi lagunen kopurua ordainduko dute. Horretaz gainera, eguneko bost euroko fidantza hartuko dute udaleko arduradunek, eskaera egitera joaterakoan.

 

Urteko 365 egunetan erabili ahal izango da aterpea. Pinondo Etxean dagoen Gazte Informazio Bulegoan egingo dira eskaerak, eta Landaederrara joateko giltzak ere bertan hartuko dira, adierazi dutenez.

 

Baldintzak

Arduradunek esan dute, estalpea erabiltzen dutenek araudia bete beharko dutela. Hainbat baldintza daude bertan: ezingo da drogarik kontsumitu, eta erretzea eta alkohola edatea ere debekatu dute; animaliak sartzea debekatuta dago; lozakua edo izarak eroatea beharrezkoa da; talde bakoitzeko arduradun bat zehaztuko da... Arduradun horrek bermatu beharko du instalazioaren erabilpena egokia dela. Inguruneaz gozatu, natura ezagutu eta aisialdiako denbora pasatzeko aukera berri bat eskainiko du aterpeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!