Zabalarra ikastetxeari eman diote mugikortasun iraunkorraren saria

Anboto 2012ko ira. 20a, 09:55
‘Oinezbusa’-gatik saritu dute Zabalarra ikastetxea, gurasoen laguntzagaz eskola-umeak ikastetxera oinez joateko ekimenagatik

‘Oinezbusa’-gatik saritu dute Zabalarra ikastetxea, gurasoen laguntzagaz eskola-umeak ikastetxera oinez joateko ekimenagatik.

 

Iazko ikasturtean Eskola Bidea egitasmoan parte hartu zuen Zabalarra ikastetxeak. Oinezbusa ipini zuten martxan; etxetik eskolarako joan-etorriak auto barik eta era autonomoan egitea zen helburua. Aurreko ikasturtean Landakon egindako esperientziatik hartu zuten horretarako eredua. Esperientzia pilotu horren bidez, herritik mugitzeko modu jasangarriago eta osasuntsuagoen inguruan hausnartu gura zuten. Ikasleek guraso talde bategaz lagunduta egiten zuten eskolara bidea astebetez. Egindakoaren aitorpentzat, mugikortasun iraunkorraren saria eman dio Durangoko Udalak Zabalarra ikastetxeari. Astelehenean izan zen sari-emate ekitaldia udaletxean, eta ikastetxeko ordezkariak eta guraso batzordeko kideak egon ziren bertan. Mari Jose Balier alkateordearen eskutik jaso zuten errekonozimendua.

 

\"\"

 

Ekainean egin zuten Oinezbusa, astebetez. Fray Juan de Zumarraga, Aramotz, Ezkurdi eta Pinondo kaleetatik eta udaletxetik taldeka joan ziren eskolara, oinez. Ingurumenagaz errespetuzkoa izatea, umeen autonomia garatzen laguntzea eta herritarrak sentsibilizatzea gura zuten goizeroko ekimenagaz. Guraso bat aurretik zutela egiten zuten bidea ikasleek. Praktikan ipini aurretik, ordea, prestaketa lanetan ibili ziren udal teknikariekin. Umeen artean inkesta bat egin zuten lehenengo. Hurrengoa ondorioztatu zuten: %85,1ek oinez egiten zuten eskolarako bidea, %10,5ek kotxez eta %3,6k bizikletaz. Ibilbideetako gune arriskutsuak identifikatzen ere jardun zuten. Esperientzia pilotuagaz gustora azaldu ziren gurasoak.

 

Mugikortasun Iraunkorraren Astea

Zabalarra eskolari emandako saria Mugikortasun Iraunkorraren Asteko ekitaldien baitan egin da. Udalak eta Azterlanek antolatu dute aste osoko egitaraua. Iker Oceja zinegotziak eta Ander Areitiourtena Azterlaneko teknikariak aurkeztu zituzten ekintzak. Joan zen domekan ipini zuten martxan programa, eta bihar amaituko da Auto Bako Egunagaz. Autoa, atmosfera kutsatzen duen elementu  esanguratsuenetakoa dela-eta egingo dute biharko ekitaldi sorta. Goizeko 10:00etan hasiko da, Ezkurdin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!