Apaolaza, Atienza eta Arkarazo, 'Ipar haizearen kontra', San Agustinen

Anboto 2011-12-10 08:34   Kultura  Durango
Durangoko San Agustinen eskainiko dute Joseba Apaolaza, Itziar Atienza eta Felix Arkarazo antzezle dituen lana

Durangoko San Agustinen eskainiko dute Joseba Apaolaza, Itziar Atienza eta Felix Arkarazo antzezle dituen lana.

 

Durangoko San Agustin kulturguneko oholtzatik eskainiko du Tanttaka Teatroa taldeak Ipar haizearen kontra azkeneko ekoizpena. Abenduaren 10ean eta 11n, euskarazko eta gaztelerazko bertsioan eskainiko dituzte, hurrenez hurren, emanaldiak. Daniel Glattauer idazle austriarraren nobelan oinarrituta eta Fernando Bernues donostiarrak zuzenduta prestatu dute ikuskizuna.

 

\"\"

 

Euskarazko eta gaztelerazko bertsioetan eskaintzeko, uztailean ekin zioten Joseba Apaolaza eta Itziar Atienza aktore protagonistek lana prestatzeari. Iraila amaieran, hirugarren aktorearen aldi baterako ordezkapena egiteko batu zitzaien Felix Arkarazo durangarra.

 

Asteon beragaz izan dugun berbaldian kontatu digu Felix Arkarazok datozen asteetan Donostian eta Zornotzan eskainiko dituzten obraren emanaldietan berak jardungo duela obrako protagonistaren senarraren papera egiten.

 

“Garapen teknologikoek bizimodua erraztu egingo zigutela pentsatu izan dugu beti”, hasi zaigu Arkarazo antzerlanaren inguruan berbetan, “baina sakonean horietariko batek ere ez gaitu zoriontsuago egin”. Gogoeta hori dago, Arkarazok azaldu digunez, Ipar haizearen kontra antzezlanaren muinean: elkarrekin komunikatzeko bitartekoak areagotu arren, “harreman afektiboak ondo bideratzeko gure ezintasun bere gordinean erakusten du obrak”, Felix Arkarazoren berbetan.Hanka-sartze baten ondorioz elkar ezagutzen duten gizon-emakumeak dira protagonistak.

 

Fernando Bernues zuzendariari buruzko oso erreferentzia onak zeuzkala dio Arkarazok. "Benetan gozamen hutsa izan da Fernandogaz lan egitea”, dio: “Tratuari eta laguntzari dagokionez, eta dakiena oso ondo transmititzen dakielako”.

 

 

“Jendea arreta biziz dagoela igartzen da eszenatokitik”

Tanttaka Teatroren lanagaz bueltatuko da Felix Arkarazo antzerkira

 

\"\"Antzerkigintzan barik bestelako alorretan jardun duzu azken urteetan.

Bai, Goenkalen eta bikoizketa lanak burutzen jardun izan dut gehienbat azkeneko urteotan. Antzerkigintzatik aparte sei-zazpi urte neramatzan.

 

Zelan hurreratu zinen aurreko aldi hartan lehenengoz antzerkigintzara?

Oraintxe deitu didaten moduan, Victor Bevh obraren euskarazko bertsiorako aktore baten ordezkapena egiteko deitu ninduten orduan. Ipar haizearen kontra honetan, egun zehatz batzuetan aktore bat ordezkatzeko deitu zidaten. Nobedadea da, baina, ordezkatzen dudan aktorea gaixotu egin dela, eta hemendik aurrera neuk egingo ditudala emanaldiak. Durangon, Donostian eta Zornotzan, euskarazko eta gaztelerazko bertsioetan jardungo dut.

 

Zelakoa da ‘Ipar haizearen kontra’ honetan egiten duzun papera?

Paper txikia da, bakarrizketa ez oso luzea baina bai oso garrantzitsua: tramari dagokionez erabat aldatzen dira gauzak nire interbentzioaren ondoren. Emakume protagonistaren senarraren papera egiten dut. Interbentzio laburra baina pisutsua: ez da testu luzea, baina gozagarria bai.

 

Azken urteetan antzerkira bueltatzeko gogo hori eduki duzu?

Azken urteetan nahiko lanpetuta ibili naiz Goenkale eta bikoizketa uztartzen, baina orain urte eta erdi, hamalau urteko ibilbidearen ondoren, agur esan behar izan nion telesailari. Orain Goenkaletik kanpo nagoenez, denbora aldetik ere libreago nago denera heltzeko. Bikoizketako lanak ere moteldu egin dira azkenaldian, eta lagungarri jotzen ditut hau lako aukerak.

 

Erakutsi duzuenetan zelan hartu du publikoak obra?

Orain arteko emanaldietan uste nuena baino jende gehiago egon da, eta nabari da harrera ona dela: jendea arreta bizi-biziz dagoela igarri egiten da eszenatokitik. Andoainen, Tolosan eta Igorren egon gara obragaz. Liburutik antzerkirako egokitzapena liburuaren idazleak berak egindakoa da, eta oso bisuala da: ikusteko gozamen hutsa da. Iluminazio eta eszenografiari dagokionez lan handia egin dute. Gaia sakona, pisutsua izan arren, barre egiteko umore zertzelada batzuk ere badaude.

 

Zer ezaugarri erakargarri azpimarratuko zenuke obra honetan?

Izenburu bereko Daniel Glattauer idazlearen liburu batean dago obra oinarritua: Europan nahiko arrakastatsua izan den liburu batean. Bai liburuan bai antzezlanean agertzen dena errealitatea unibertsala da. Oso arazo unibertsalaz dihardu obrak: harreman afektiboak ondo bideratzeko gizakion ezintasunaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa